Legealdian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lan ildo nagusiak izango direnak aurkezten ari da Cristina Uriarte Eusko Legebiltzarrean, eta hizkuntza politikaren gaineko azalpenak ematen hasi du hitzaldia. Esan du hizkuntza politika ez dela jarduera "sektorial" bat, eta gaineratu du lotura duela funtzio publikoarekin. Hortaz, Jaurlaritzako "sail guztien eginkizuna izango da hizkuntza politika garatzea", Uriarteren esanetan.
Zehar lerrotzat jo du hizkuntza politika, eta bost printzipio zehaztu ditu: hizkuntza aukeratzeko askatasuna bermatzea, "hizkuntza ahulenaren" aldeko diskriminazio positiboa egitea, adostasun politiko eta sozial zabala lortzea, elkarlana sustatzea eta euskaren erabilera politikoa saihestea.
Hezkuntzaren alorrean adostasunak lortzearen alde egin du Uriartek. Halaber, testuinguru ekonomikoaz ohartarazi arren, hezkuntza eskubidea eta kalitatea bermatzeko lan egingo duela ziurtatu du. Gainera, hitzeman du Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan dituen eskumenak defendatuko dituela.
Murrizketez, Uriartek esan du diru gutxiago biltzeak "gastuak berriz dimentsionatzera" behartuko duela, baina "ez oinarrizkoan".