Ikasleen gaitasunak aztertzen dituen PISA txostenaren inguruko balorazioa egin du Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuez jardun du Goirizelaiak, eta emaitzak "onak" direla uste du, nahiz eta gaineratu duen ez dela konfiantza gehiegi izan behar.
Radio Euskadin elkarrizketatu dute Goirizelaia: "Datuek joera positiboa erakusten dute". Hala ere, luzera hezkuntzaren eta ikerkuntzaren alde apustu egin behar dela nabarmendu du, eta hala gaineratu: "Heziketan esparru egonkor eta guk kudeatutako bat eskatzen dugu".
"PISA txostenaren emaitzek adierazten dute gauzak guk kudeatzen ditugunean, oro har, ongi atera ohi direla. Horrek pentsarazi egin behar digu", esan du.
Erasmus, "ezinbestekoa"
Erasmus beken inguruan "kezka" dagoela uste du Goirizelaiak, baina azaldu du datozen bi urteetarako ez dela arazorik izango. Programa horren alde mintzatu da: "Uste dut ikasleen mugikortasuna balio argi bat dela. Euren heziketaren parte da, irteten ez badira lortuko ez dituzten gaitasunak eskuratuko dituztelako". Irakasleen artean ere mugikortasuna sustatzearen alde agertu da Goirizelaia, eta "ezinbestekotzat" jo du programa.