Hezkuntza

Hezkuntza legaren aldeko "determinazio" handiagoa eskatu du Tellituk

Ikastolen Elkarteko lehendakariak hezkuntza eredu propioaren aldeko defentsa egin du ikastolen ikasturte hasierako ekitaldian; ildo horretan, ekitaldian omendu dituzte publifikazioaren eztabaidari aurre eginez birsortu ziren ikastolak.

Ikastolen ikasturte hasierako ekitaldia. JON URBE / ARGAZKI PRESS
arantxa iraola
2015eko irailaren 26a
01:25
Entzun

Azpeitian (Gipuzkoa) egin dute aurten ikastolek ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, gaur goizean. Bertan izan da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Cristina Uriarte. Eta hari zuzenean zuzendu zaio Koldo Tellitu hainbat gairen harira. Hezkuntza legearen inguruko urratsak "indar" handiagoz egiteko eskatu dion heinean, "baliabide mailan" aurrera urratsak eskatu dizkio, eta "aitortza", egun sentitzen dutena baino irmoagoa: "Gure espektatibak ez dira ari betetzen". Espainiatik ezarritako LOMCE hezkuntzaren erreformari aurre egiteko nahia ere berretsi du ikastolen ordezkariak: "Hura erabat indargabetu arte".

Hezkuntza legea lantzen joateko prozesua abiatzear dagoela esan du Uriarte sailburuak: "Eragileekin hitz egingo dugu". Adostasunerako bidean eragozpenak izango direla iragarri du: "Ez da erraza izango". Baina lanerako borondate irmoa erakutsi du: "Aurrera egingo dugu inposaketarik gabe".

Hezkuntza eredu propioaren aldarrikapena egiteko baliatu dute ikastolek gaurko ekitaldia, eta, horren harira, publifikazio garaian ikastolen izaera berezkoaren aldeko hautua egin zuten lau ikastetxe omendu dituzte. Bi Gipuzkoakoak dira: Ikasberri (Azpeitia) eta Andramendi (Beasain). Eta Bizkaikoak: Txintxirri (Elorrio) eta Betiko (Leioa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.