Agintaldiko ardatzetako bat onartu du Eusko Jaurlaritzak: EAEko hezkuntza legea egiteko prozedura hasi du Eusko Legebiltzarrean. Hezkuntza Sailak joan den otsailean aurkeztu zuen lehen gogoeta dokumentu bat, Akordioaren oinarriakizenekoa. Hainbat adituren ekarpenekin osatutako dokumentua zen, eta bost ardatz nagusi zituen: hizkuntzak, bizikidetza, ebaluazioa, modernizazioa eta autonomia.
Txosten hori EAEko Eskola Kontseiluaren esku geratu zen, eta partaide diren eragileek aztertu zuten. Maiatzean eman zuen ebazpena eskola kontseiluak: ontzat jo zuen oinarrizko dokumentua, eta ekarpen batzuk egin zizkion.
Proposamenaren “behin betiko bertsioa” aurkeztu du Cristina Uriarte sailburuak Jaurlaritzaren gobernu kontseiluan. Adierazi du Euskal Eskola Publikoaren Legeak 25 urte bete dituela aurten, eta hezkuntza eredua “berriro pentsatu eta formulatu” behar dela.
Oinarrizko dokumentu hori Eusko Legebiltzarrera bidaliko du gobernuak orain; Uriartek nabarmendu du hainbat adituren eta eragileren ekarpenak jaso dituela, eta gogoeta "plurala" dela.
Ezohiko prozedura bat erabiliko du Jaurlaritzak, gogoeta dokumentua bera bidaliko baitio parlamentuari, ez lege proiektu bat. Horrenbestez, legebiltzarrak berak erabakiko du nolako prozedura hasiko duen orain legea taxutzeko.