HEZKUNTZA

Hezkuntza legea prestatzeko bilerak hasiko ditu Jaurlaritzak

Uriarte sailburuak iragarri du Heziberri planeko azken urratsari helduko diola hileon bertan. Prozesu luzea izango da: legealdi honetan ez dute legerik onartuko.

Cristina Uriarte sailburua, Amara Berri ikastetxean. GARIKOITZ GOIKOETXEA
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko irailaren 9a
07:58
Entzun

Ikasturte hasierako ekitaldia egin dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Donostian, Amara Berri ikastetxean. Ikasgelak bisitatu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta datuak eman ditu.

Matrikulazioetan igoeratxo bat dago aurten, %0,2koa. Denera 370.000 ikasle izango dira. Lanbide Heziketa salbuespena da: krisi garaian, langabezia igo denean, igo egin dira matrikulak hor; orain, egoera ekonomikoa hobetu denean, zerbait jaitsi dira, %1,8.

Hizkuntz ereduetan ere berritasun gutxi dago: D ereduak aurrerantz jarraitzen du, eta A eredua gero eta bazterrekoagoa da. Ahulgunea, beste behin, Lanbide Heziketan du euskarazko ereduak.

Iragarpen nagusia Heziberri planari lotuta egin du sailburuak: Hezkuntza Legea egiteko bilerak hasiko ditu. Hezkuntzako eragileekin, sindikatuekin eta alderdi politikoekin bilduko da. Irailean bertan hasiko da.

Bileretara ez du dokumenturik eramango gobernuak. "Entzutera" doa. Horren ondoren, bai, asmoa du dokumentu bat proposatzeko. Prozesu luzea izango da, hala ere. Uriartek ohartarazi du legealdi honetan ez dutela legea onartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.