Nafarroako hezkuntza publikoan egindako murrizketen aurka bildu dira Herrikoa eta Sortzen Ikasbatuazikasleen guraso elkarteak eta hezkuntzako sindikatuak. Aurtengo eta datorren ikasturteko aurrekontuetan hezkuntzara bideratutako laguntzak jaitsi izana salatu dute, eta Nafarroako Gobernuari eta parlamentuari eskatu diete 2012an hori ez dela berriro gertatuko bermatzeko. Halaber, manifestazio bat antolatu dute urriaren 22rako, eta ikasle taldeei, gurasoei, alderdi politikoei eta gizarte eragileei dei egin diete bertan parte hartzera.
Lankidetzarako eta Garapen Ekonomikorako Erakundearen txostenen arabera enplegua eta ekonomia hobetzeko irakaskuntzan inbertitu behar dela gogorarazi dute elkarte eta sindikatuek. Beraz, irakaskuntza publikoan aurrekontuak murrizten badira laster hezkuntza sistema «ahulduko» dela ondorioztatu dute. Nafarroako kasuan, hain zuzen ere, ikasleen %62 sare publikoan daudela azpimarratu dute, eta itunpeko sare pribatuak halaber ikasleen %38 biltzen dituela. Beraz, sare publikoak ikasle guztien arreta bermatu eta inor ez duela baztertzen azpimarratu dute.
2010eko Nafarroako aurrekontuetan, baina, hezkuntzaren alorrean murrizketak baino ez zirela izan aditzera eman dute sindikatu eta elkarteek: bekak %6 jaitsi ziren, irakasleen prestakuntza %9, eta ikastetxeen funtzionamendu gastua %7,5, besteak beste. 2011n egoerak bere horretan jarraitu duela berretsi dute: irakasleen prestakuntza %20 jaitsi da eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako ikastetxeetako inbertsioa %7, adibide batzuk jartzearren.
Murrizketa horiek aurrera eraman bitartean gobernuak beste inbertsio garrantzitsu batzuk egin dituela ohartarazi dute; esaterako, 90 milioi inbertitu ditu Los Arcosko zirkuitua eraikitzen, 68 milioi Arena pabiloian eta 45 milioi AHTko lanetan. Horiek jatorri zuzeneko diruarekin —alegia, zerga zuzen eta zeharkakoekin— finantzatu direla nabarmendu dute; herritarren diruarekin, hain zuzen. Hori ikusita, gobernuaren konpromisoa exijitu dute egoerari buelta emate aldera.
«Atzerapausorik» ez
Sindikatu eta gurasoen elkarteek jakinarazi dute ikuspuntu ezberdinak dituztela eskola publikoren gainean, baina denek bat datoz kalitatezko eskola lortzeko bidean «aurrerapausoak» eman behar direla; neurri murriztaileak, ostera, «atzerapausotzat» jo dituzte, beren seme-alabentzat hezkuntza hoberena nahi dutelako. «Krisi ekonomikoa dela eta, gure oraina hipotekatu dugu; ez dezagun etorkizuna arriskuan jar»,aldarrikatu dute. Hezkuntza Departamentuari eskaera egin diote beharrezko baliabideak jar ditzan hezkuntza aniztasunaren arretan egokia bermatzeko.
Hezkuntza murrizketen aurka manifeztazioa egingo dute urriaren 22an Iruñean
Protesta egitera dei egin dute Herrikoa eta Sortzen Ikasbatuaz guraso elkarteek eta hezkuntza sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu