Hezkuntza Saila eta sindikatuak datorren astean bilduko direla adierazi du Camposek

Hauteskunde sindikalak pasatuta, akordiorik ezean, sindikatu gehienak mobilizatzeko prest daude

unai zubeldia
2007ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Behingoz lanari ekin beharko diogu negoziazioei irtenbidea aurkitzeko». Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerkuntza eta Unibertsitate sailburuak esparru publikoko irakasleak zoriondu ditu, irakaskuntza publikoan 274 ordezkari aukeratzeko asteazkenean izandako hauteskunde sindikalen emaitzen harira. «Ez da inongo gorabeherarik izan». Sindikatuen eta Jaurlaritzaren artean, ordea, gorabehera asko izan da azken hilabeteetan. Hauteskundeak pasatu arte mobilizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu zuten sindikatuek, baina behin hauteskundeak pasatuta, zain daude. Camposek adierazi du «datorren astean» jarriko direla harremanetan sindikatuekin. Egunik ez du zehaztu.

Hauteskundeen ondorio bat nabarmena da: parte-hartzea %56,29 eskasekoa izan da. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), CCOOk 21 ordezkari lortu ditu, EILASek 20, LABek 16, ELAk 14 eta UGTk 13. 2003an 66 ordezkari aukeratu zituzten EHUn, eta aurten, berriz, 86. Igoera handiena CCOOk izan du, 2003an baino zazpi ordezkari gehiago lortu baititu, EILASek sei gehiago, LABek bost, ELAk hiru eta UGTk bat gehiago.

Unibertsitatez kanpoko esparruan, berriz, LABek 49 ordezkari lortu ditu, ELAk 48, CCOOk 46, EILASek 34 eta UGTk 10. Datuak xehatuta, irakasle funtzionarioen kasuan, hirugarren aldiz jarraian, CCOOk lortu du ordezkari gehien (31), EILASek 25, LABek 20, ELAk 18 eta UGTk 5. CCOOk 2003tik ordezkari bat galdu du, ordea, EILASek bost irabazi, LABek bi irabazi, ELA bere horretan geratu da eta UGTk lau galdu ditu.

Irakasle hezitzaileen, zerbitzuetakoen eta erlijiokoen artean ELAk 30 ordezkari lortu ditu, 2003an baino 11 gutxiago; LABek 29, 2003an baino bederatzi gutxiago; CCOOk 15, zazpi gutxiago; EILASek bederatzi, hiru gutxiago; eta UGTk 5, hiru gutxiago. BERRIAk balorazioa eta egoeraren irakurketa egiteko eskatu die sindikatuei. UGTk ez du baloraziorik egin nahi izan, «emaitza guztiak batu arte».

Ana Uranga

CCOO

«Zer eskaintzen duten jakin gabe ezin dugu jarrera zehaztu»

«Balorazioa oso ona da, hirugarren aldiz jarraian lortu baitugu irakaskuntza publikoko sindikaturik bozkatuena izatea. EHUn ere ordezkarietan eta bozketan garaile izan gara. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan ordezkaritza osoaren %30 baino gehiago lortu dugu, bigarren sindikatuak baino 1.000 boto gehiagorekin.

»Guk geure jarrerari eutsiko diogu. Administrazioak zer eskaini behar duen jakin gabe ezin dugu gure jarrera zehaztu. Iztueta [Anjeles Iztueta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu ohia] karguan egon zenean, hamar urtez ia-ia negoziaziorik gabe egon ginen, eta orain negoziatzen hasi direnean, sindikatu batzuek mobilizatzeko deia egin dute, benetako proposamena zein den jakin gabe».

Jon Urruzulo

LAB

«Euskal Herriko irakaskuntzan erreferentzia bihurtu da LAB»

«Emaitzak oso onak dira; azken lau urteetako lanaren emaitza dira. Alde batetik, hezkuntza arloko langileen lan baldintzen arloko lana azpimarratzen dute datuek, eta, bestetik, hezkuntza sistema propioaren beharra. Hauteskundez hauteskunde emaitzak hobetu egiten ditugu, eta Euskal Herriko irakaskuntzan ezinbesteko erreferentzia bihurtu gara.

»Administrazioak eduki egokiak jarri behar ditu mahai gainean. Hori egin ezean, LABek beste sindikatuei eskatuko die etorkizun hurbilean, martxo amaierarako, berriz mobilizazioak egiteko. Mobilizazioak aipatzean ezinbestean greba aurreikusten dugu».

Xabier Esposito

ELA

«Lan ildoak bultzatuta aliantzak berresteko prest gaude»

«Gure esparrua sendotu egin dugu. Gora ez dugu egin, baina atzera ere ez, eta horrek aukera emango digu gure lan ildoak markatzeko. Aldarrikapenak, eskaerak, mobilizazioak... sustatu dituen sektoreak irabazi du, eta hori garrantzitsua da. CCOOk besteen aurrean lehendik zena baino gutxiago ordezkatzen du. Espainiako sindikalismoak inoiz izan duen ordezkaritzarik txikiena dauka.

»Aurreko lan ildoak bultzatuta aliantzak berresteko prest gaude, arazoek eta irtenbideek bere horretan baitiraute. Gatazka itxi gabe dago, eta, noski, gustuko eskaintzarik ez dagoenean eta gutxieneko eskaerak asetzen ez direnean, mobilizazioetara jotzea ezinbestekoa izaten da. Orain arteko ildoari eutsiz gero, denok bide horretara joko genuke».

Jon Moñux

EILAS

«Hezkuntzako sektorearen erreferentzialtasuna hartu du»

«Oso pozik gaude, lortutako emaitzek irakaskuntza publikoaren aldeko apustu estrategikoa eta langileen lan baldintzak hobetzearen aldekoa berresten baitute. Hala ere, datuak kontuz aztertu behar dira. 22.000 funtzionario eta behin-behineko langile inguru daude, eta hor delegatu bat lortzeko 130-140 bozka behar dira. 99 delegatu aukeratzen dira denera. Hezitzaileen, sukaldarien... arloan, berriz, 2.000 inguru dira, eta dozena bat bozka nahikoak dira delegatu bat lortzeko. Horiek 89 delegatu dauzkate. Hortik sortzen da distortsioa. Guk 22.000ko talde horretan ditugu emaitza onenak.

»Sektorean erreferentzialtasuna edo goranzko bidea EILASek hartu du, besteek mantendu edo beheranzko joera hartu dute. Gatazkak bere horretan dirau, baina gu berrindartuta atera gara eta gure ahotsa ozenagoa izango da aurrerantzean».





############



Pribatuan, erantzukizun eske

Gasteiz. CCOO eta EILASeko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren parean. Irakaskuntza pribatuko bi sindikatuok euren lan baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzeko eskatzen dute, baina, sindikatuen ustez, Tontxu Campos Hezkuntza sailburua «bere erantzukizuna saihesten» ari da. Negoziazio mahaia berehala osatzeko eskatu zioten. Camposek eskaera baztertu eta eskaera euren enpresaburuei egiteko eskatu zien.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.