«Hezkuntza sistema nazionala» aldarrikatzeko, manifestaziora deitu du IAk

«Curriculum arrotzak» eta «hezkuntza patriarkala» ukatuko dituzte azaroaren 6an, Ikasle Egunean

Nagore Molinero
Bilbo
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Aurtengo Ikasle Eguna«berezia» izango dela agerian utzi nahi izan dute IA Ikasle Abertzaleek. Egun osoko «jai erraldoi» bat egiteaz gain, manifestazio nazionala egingo dute azaroaren 6an, eta Ikasleoi erasorik ez, Hezkuntza Sistema Nazionala izango da leloa. Atzo agerraldia egin zuten horren aurkezpena egiteko, Bilbon. Datozen hilabeteotako plangintza ere hizpide izan zuten.

Iaztik ikasleen eta euskal hizkuntzaren egoerak ez duela hobera egin adierazi du Ikoitz Arrese IAko bozeramaileak: «Administraziotatik datozkigun erasoak etengabeak dira». Iparraldean euskal departamentu propiorik ez dagoela salatu nahi dute, esaterako, ikasleek. Nafarroan «betiko bide españolistan» jarraitzen dutela ere gogorarazi nahi dute. Bestalde, adierazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskal hezkuntzari «inposaketa» bidez «herri honek bizi izan duen erasorik handiena» egiten ari direla. Hiru eleko hizkuntza esparru berriaeta ikasleon kontrako errepresioa jarri dituzte horren adibide. Euskal Herriko unibertsitateetan «ikasleon hitzari entzungor eginez» indarrean jarri duten Bolognako prozesua ez dute gogoko. «Unibertsitate eredu arrotz, antidemokratiko eta merkantilistak haziz doaz Euskal Herrian», nabarmendu du Arresek.

Egoera hori salatzeko, hainbat ekimen prestatu dituzte. Horien artean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean salaketak egingo dituzte, beste unibertsitate eredu baten aldeko olinpiar jokoak antolatu dituzte ikasleentzat, eta azaroaren 6an manifestazioa egingo dute. Horren harira, kaleratu duten agiria hainbat eragilerekin partekatu nahi dute orain. Horretarako, hilaren hasieran hartu-eman bira bat hasi zutela adierazi du Arresek. Bira bukatzean, agiriak jasotako atxikimenduen berri emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.