Joan den astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak bete egingo duela Mariano Rajoyk 2012an ezarritako neurria, eta irakasleen eskola orduak gehituko dituela. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen Madrilen erabakiaren aurka, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen.
ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek agerraldi bat egin dute, Jaurlaritzaren asmoaren aurrean balorazioa egiteko. Protesta "indartsuak" iragarri dituzte: datorren ostiralean elkarretaratzeak egingo dituzte, eta Jaurlaritzak murrizketak "osorik nahiz modu partzialean" ezarriz gero, grebara joko dute irailean, ikasturte berriarekin.
Sindikatuok salatu dute "irakastorduak biderkatuz eta ordezkapenak atzeratuz kalitatea nabarmen txikitzea" bultzatuko duela Jaurlaritzak, "lanpostuak suntsitu eta lan baldintzak gogortzearekin" batera. Guztira, 3.000 lanpostu inguru kenduko dira, sindikatuen arabera: 600dik gora itunpeko irakaskuntzan eta 2.300 publikoan.
Gainera, salatu dute "jada mugatuta dauden eskuduntzei eta autogobernuari uko" egiten diela Jaurlaritzak: Sindikatuok ez dugu onartzen Jaurlaritzaren erabakia. Horregatik, ostiralean hasitako mobilizazioekin segituko dugu".