HEZKUNTZA

Hezkuntzan euskara “beste ezeren gainetik” jarri izana salatu du PPk

Hezkuntzaren egoerari buruzko azterketa bat plazaratu du alderdiak. Besteak beste, ohartarazi du eskolak ingelesez ematen dituzten ikasleen kopurua baxuegia dela. Hezkuntzako inbertsioan eraginkortasuna falta dela ere uste du.

EAEko PPko ordezkariak, hezkuntzari buruz Bilbon egin duten saioan. ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urtarrilaren 26a
15:54
Entzun

Hezkuntza legea egiteko prozesua martxan dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehen urrats gisa, hezkuntzako adituak ari dira abiapunturako txostenak prestatzen, eta ondoren ekingo diote eragileek eztabaidari. Eusko Legebiltzarrera iritsiko da proposamena azkenik.

Adituen txostenak iristear daudelarik, PPk ekimena hartu du, eta txosten mardul bat osatu du hezkuntzaren egoerari buruz: Euskal hezkuntza sistemaren azterketa integrala goiburua du txostenak —gaztelaniaz dago—. Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea buru, ekitaldi bat egin du PPk Bilbon, txosten horren berri emateko. Alderdiko iturrien arabera, pare bat aste barru beste saio bat egingo dute, hezkuntzarako proposamenak aurkezteko. Gogoan izatekoa da, bidenabar, Espainiako Kongresuan ere ari direla hezkuntzako “estatu ituna” lortzeko lantaldean; hango proposamen batzuk egingo ditu PPk euskal hezkuntzarako ere.

Hezkuntzaren egoerari buruzko bilan ezkorra egin du PPk, azken azterketen emaitzak gogoan: kalitatean “jaitsiera drastikoa” gertatu dela ohartarazi du.

Bereziki hizkuntzei buruz mintzo da txostena. Ingelesak toki gutxi duela hezkuntzan, argudio horri heldu dio PPk: enpresetan gero eta gehiago eskatzen dutela ingelesa, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza “atzean” dagoela, inguruko autonomia erkidegoak baino atzerago. Bidenabar, eskola itunpekoetatik publikoetara dagoen aldeaz ohartarazi du: itunpeko ikastetxeetan bikoitza dela ingelesezko eskolak dituzten ikasleen kopurua. Aldaketak eskatu ditu PPk, hortaz: besteak beste, irakasle postuetan ingelesak pisu handiagoa izatea.

Euskara ere aipatu dute. Hezkuntzan baliabide asko inbertitzen direla, baina emaitzak ez direla behar adinakoak esanik, euskararekin lotu du hori PPk: “Euskadik faktore guztiak ditu Espainian hezkuntzako erreferente izateko; hezkuntzan guk gastatzen dugu gehien, baina emaitza txarrenak ere guk dauzkagu. Hezkuntza politika abertzaleek gure hezkuntza sistema osoa jarri dute euskararen irakaskuntzaren zerbitzura, beste edozeren gainetik”. Bidenabar, ohartarazi du hezkuntzako inbertsioan eraginkortasuna falta dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.