Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitateaz besteko hezkuntza publikoko gatazka erreferendum bidez konpontzea proposatu dute EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Izan ere, CCOOk eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreakordioa lortu dute, baina gainerako sindikatuak ez datoz bat hitzartutakoarekin. Horregatik, itun horren edukia erreferendumean bozkatzea proposatu dute, langileen artean zenbaiterainoko onespena duen ikusteko eta horren arabera onartu edo ez erabakitzeko. EILAS, ELA, LAB eta UGTko ordezkarien arabera, hori da Jaurlaritzarekin duten lan gatazkari "benetan irtenbide demokratikoa" emateko modu bakarra.
Ekainaren 14an egingo du bilera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntzako Mahai Sektorialak, eta ordurako gatazkak bideratuta egon behar duela iritzi diote aipatutako sindikatuek. Ildo horretatik, Hezkuntza Sailak ez badu beren eskaera onartzen protesta ekintzak egiten jarraituko dutela iragarri dute. Dena den, mobilizazio horiek ez lirateke grebak izango, baizik eta Hezkuntza Sailarekin harreman burokratikoak trabatuko dituzten ekimenak; zehazki, "ikasleei eta familiei eragingo ez dieten" mobilizazioak iragarri dituzte. Hilaren 15, 16, 17, 18 eta 24an grebak egin dira irakaskuntza publikoan sindikatu horiek deituta, eta milaka ikasle izan dira eskolarik gabe.
Campos galdeketa egiteko prest
EILAS, ELA, LAB eta UGTk Bilbon egin dute agerraldia beren proposamenaren berri emateko, eta handik gutxira Leioako (Bizkaia) Ostalaritza Eskolan izan da Tontxu Campos Hezkuntza sailburua liburu baten aurkezpenean. Han galdetu diote sindikatuen proposamenari buruz eta CCOOrekin hitzartutako aurreakordioa erreferendumera eramateko prest agertu da: "sindikatuei egokia iruditzen bazaie ni ez naiz aurka jarriko", esan du.
Atzo bertan sindikatuekin bilerak egin zituztela nabarmendu du Camposek, "batzuekin egoera desblokeatzeko, eta besteekin lortutako aurreakordioan aurrera egiteko".
Hezkuntza
Hezkuntzaren eta CCOOren arteko akordioa erreferendumean bozkatzea eskatu dute gainerako sindikatuek
Jaurlaritzaren eta irakaskuntza publikoko langileen arteko gatazkari irtenbide demokratikoa emateko bidea hori dela nabarmendu dute. Galdeketa onartzeko prest dago Tontxu Campos Hezkuntza sailburua. Akordiorik ezean mobiliziazio gehiago iragarri dituzte sindikatuek, baina beste lanuzterik ez dute egingo oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu