Tigre helikopteroak erosteko 1.353 milioi euro jarriko ditu Espainiako Gobernuak; hezkuntza arloan egin nahi dituen murrizketen ia erdia da hori. Datua antimilitaristek jakinarazi zuten atzo, eta adibide moduan aurkeztu zuten, gastu militarretik moztuz gero, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzu alorretan murrizketak egin beharrik ez legokeela adierazteko.
KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko ekintzaileek Bilboko Juan Garai kaleko militarren kuartelaren aurrean egin zuten salaketa. Horiz jantzita, eta artazi handi batzuk hartuta, kuartela inguratzen duen horma moztu zuten. «Militarizazioaren eta gastu militarra den diru xahutzearen ikurtzat» jotzen baitute kuartel hori. Funtsean, salatu dute administrazio publikoak gastu militarra murriztu behar lukeela, gizarte babesa moztu beharrean. Moztu? Bai, erabat, gastu militarra izena eman diote kanpainari.
Datu gehiago eman dituzte antimilitaristek, «finantza burbuila militarrak» bere bidea egiten jarraitzen duela erakusteko asmoz: Espainiako Gobernuak 166,4 milioi euro murriztu nahi ditu hezkuntzan, beketatik eta diru laguntzetatik kenduta. Kopuru hori gastatzeko, Espainiako egitura militarrak hiru egun besterik ez ditu behar.
Iazko abenduan, bestalde, Espainiako Defentsa Ministerioak ia 29.000 milioi euroko kontratuak sinatuak zituen, armamentua erosteko. Aste honetan gobernuak iragarri du 10.000 milioi euro —armak erosteko egingo duen gastuaren heren bat— murriztu behar direla hezkuntzatik eta osasunetik. «Ez dago dirurik zerbitzu publikoak ordaintzeko», gaztigatu du Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak.
Gizartearen gehiengoaren kontra egin du estatuak, KEMeko kideen esanetan. Eskubideak galtzen, lan baldintzak okertzen eta gizarte zerbitzuen kalitatea txartzen ari dela uste dute. Baina, aldi berean, «modu paraleloan eta ezkutuan», egitura militarra indartzen ari dela salatu dute: «Finantzen krisiak ez dio eragiten murrizketarik militarismoari».
Espainiako Armadak 130.000 soldadu ditu. Defentsa Ministerioak iragarri du %12 inguru murriztuko zaiola aurrekontua aurten. Baina murrizketa horiek behin-behinekotzat jo dituzte antimilitaristek. «Defentsak kontratatutako programetarako diru esleipenak txikiagoak izango dira, baina ordainketak denboran luzatzea erabaki da». Murriztu baino gehiago, ordaintzeko epeak luzatuko direla, alegia. «Finantza gastuak handituko dira, interesak direla medio». Hortaz, gizarte bazterketa eragiten duten murrizketak alde batera uzteko, eta gastu militarra «erabat» mozteko eskaera egin dute.
Hezkuntzatik moztu den aurrekontuaren erdia, helikopterotan
KEMeko kideek eskatu dute gastu militarra «erabat» murrizteko, gizarte babesari kalte gehiago egin beharrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu