Hiesa detektatzeko proba anonimorik ez

Nafarroako laborategiak zentralizatu zirenetik, nortasun eta osasun txartelak erakutsi behar dira analisi guztietarako

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroan ez da hiesa detektatzeko proba anonimorik egin urtarrilaz geroztik. Proba egin nahi duen pertsonari nortasun agiria eskatzen zaio urte hasieratik, baita osasun txartela ere. Nafarroako laborategiak zentralizatu ondotik gertatu da hori, eta Nafarroako Gobernuko Hiesari Aurre Egiteko eta Kontrolatzeko Programako arduradunek zeinelkarteek kritikatu dute erabakia.

Urtarrilera arte hiru modu zeuden proba horiek egiteko. Lehen arretako medikuari eskatuta, Emakumeen Arreta Zentroetan eskatuta, edo elkarteen bitartez, Sare eta Hiesaren Aurkako Batzordean. Azken aukera hori zen anonimotasuna bermatzen zuen bakarra, odol analisiak izen faltsu batekin egiten baitziren San Martin Doktorea zentroan, eta elkarteek egiten zituzten izapideak. Ordea, urtarrilaz geroztik ohiko laborategien bidez kudeatzen dira analisi horiek, eta, horrenbestez, ezin da anonimotasuna bermatu. Osasunbideak laborategi guztiak bateratu zituen, orduan, Nafarroako Ospitalean, dirua aurrezteko helburuarekin.

Erraztasun guztiak

Proba anonimoek garrantzi handia dutela gogorarazi dute bi elkarte horiek zein Nafarroako hiesaren kontrako programako arduradunek. Nabarmendu dute proba horiei esker baliabideak daudela oraindik diagnostikatuta ez dauden gaixoengana heltzeko, eta adierazi dute anonimotasunari esker heltzen direla beste probak heltzen ez diren sektoreetara. Hortaz, aurrezteko neurrien eta kutsatzaile hiesdunak detektatzearen arteko oreka kontuan har dezatela galdegin dute programako arduradunek, eta erraztasun guztiak emateko eskatu.

Gaur egun anonimoa den proba bakarra listuaren analisiaren bidez egiten da, eta %97ko fidagarritasuna du. Ordea, emaitza positiboa izanez gero, derrigorrezkoa da odol analisia egitea, eta, urtarriletik, hori egiterakoan ezin da nortasuna ezkutatu.

Hiesa detektatzeko 15.000 proba egin ziren 2011n, eta horietatik 200 Sare eta Hiesaren Aurkako Batzordeak egin zituen. Horietatik 80 anonimoak izan ziren, Nafarroako Gobernuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.