Gizartea

Hiesaren ikusezintasuna apurtzeko eguna da gaur

Euskal Herriko hainbat txokotan elkarretaratzeak eginen dituzte gaitzaren kontrako jardunaldian.

2006ko abenduaren 1a
12:17
Entzun
Edurne Elizondo

Iruñea

Lanean, auzoan edo mailegu bat eskatzeko, arazoak oraindik ere. Hori da Euskal Herrian dauden seropositibo askoren errealitatea, Hiesaren kontrako borroka hasi zenetik 25 urte igaro direnean. Ikusezintasun hori salatu dute Nafarroan gaitzaren kontra lan egiten duten taldeek (Nasida izeneko plataforman egiten dute bat), eta ikusezintasun horren mugak apurtzen saiatuko dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean gaurko antolatu duten elkarretaratzearen bidez. 13:00ean izanen da.

Elkarreteratzea, halaber, Donostian. Calcuttako Teresaren plazan eginen dute, arratsaldeko 19:30ean, Acasgi, EHGAM, Gehitu eta Harribeltza taldeen eskutik. Baionan kalejira batekin gogoratuko dute gaurko eguna. Kontseilu Nagusiaren aitzinean hasiko da, 17:00etan. Gainera, eskoletako gazteek 680 atorra berezi eramanen dituzte, hori baita Baionako erietxean GIB birusaren ondorioz artatzen dituzten pertsonen kopurua.

Hego Euskal Herrian 139 pertsona jo zituen hiesak iaz. Pertsonak hiesa garatzen duenean, GIB birusaren kontrako botikek jada ezer gutxi egin dezakete gaixoaren alde. Haren defentsek gutxieneko mailatik behera egin dute, eta berez larria ez den gaixotasun batek eragiten ahal dio heriotza.

Hiesa duten gaixo askok gaitza garatu arte ez dakite GIB birusa dutenik. Munduan eri direnen %40k jakin dute horrela. Pertsona batek GIB birusa duela baldin badaki, antierretrobiralak hartzen ahal ditu. Horiek dira 1996. urtetik jorratzen diren tratamenduen oinarri. Defentsei eustea da haien helburua.

PARTE-HARTZEA. GIB ote duzun jakitea funtsezkoa da, Nasidaren aburuz, eta, hori dela eta, maitasunezko eta sexu harremanen inguruko irakasgaia eskatu du ikastetxeetan lantzeko. Halaber, erakunde publikoen parte-hartze zuzenagoa eskatu du hiesari aurre egin ahal izateko. Besteak beste, botikek eragiten ahal dituzten ondorioak pairatzeko tratamenduak eta baliabideak eskatu dituzte. Izan ere, ondorio horiek ageriko bilakatzen dute askotan birusa duen pertsonaren egoera, arazo fisikoak sortzen baitituzte botikek. Horiei aurre egiteko konpromisoa eskatu dio Nasidak Administrazioari.

Nafarroako farmaziek, halaber, konpromisoa eskatuko dute gaur, beren erakusleihoetan zintzilikatuko dituzten kartelen bidez bat eginen baitute gaurko eguneko mezuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.