MIKEL
«Birusarekin bizitzea zama astunegia da askorentzat»
«Auziaz nabarmenduko nuke hasteko lortu dugula apurtzea hiesa gizon homosexualekin edo droga hartzaileekin, eta horiekin bakarrik, lotzen zuen katea. Jendarteak gaur gaixotasunari buruzko ikuspegi egiazkoagoa dauka eta badaki gib birusa ez dagokiela arrisku taldeei, arrisku jarduerei baizik. Jarrera aldaketa horretan, zoritxarrez, eragin handia izan dute datuek, gero eta gehiago gizon eta emakumeen arteko harremanetan gertatzen delako kutsaketa, eta gero eta gehiago emakumezkoak direlako birusa hartzen dutenak. Jendartearen aldetik gauzak aldatu direla ezin dugu ukatu, nahiz eta oraindik zama astunegia izaten jarraitzen duen norberaren seropositibotasuna aintzat hartzea.
Gay mugimenduko kide naizen aldetik, nabarmen ikusten dut ixiltasun hori gizon homosexualen aldetik. Jarrera horrek kezkatu egiten nau, batez ere adituek esandakoak ezagutzen ditudalako, serodisidentziak ez duela zertan bikote harremana baldintzatu behar esaten dutenean. Argi esan digute bikotean batek birusa izan edo gaixotasuna garatu izanagatik ez dagoela laguna kutsatzeko arriskurik neurriak hartzen badira.Gib birusarekin bizi garen guztiok beldurra galdu behar dugu, ez dugu zertan gure sexualitatea mugatu behar. Argi gera bedi, hori bai, ezin dugula etsi eta adi-adi jarraitu behar dugula. Datu kezkagarri asko ere badago, harreman homosexualak dituzten gazte asko kutsatu direla erakusten digutenak ez dutelako zentzutasunez jokatu.Besterik ez dagoen artean, behintzat, preserbagailua da prebentziorako neurririk eraginkorrena. Berdin dio apaizek zer esaten diguten, beraiena baita, eta hori argi salatu behar dugu, jarrera kriminala.Eta mediku tratamenduari dagokionez, bestalde, Osakidetzari eskatu nahi diot aintzat hartu ditzala botikek eragiten dizkiguten albo-ondorioak gutxitzeko edo ekiditeko neurriak. Ez bakarrik eragin fisikoak, baita psikologikoak ere. Ahaztu barik bestealde espermaren garbiketa, umea egin nahi duten bikote heterosexualentzat».
ANE
«Ahaztu egin da arriskua handiagoa dela guretzat»
«Nik neuk 18 urte daramatzat gib birusarekin bizitzen eta esan dezaket denbora horretan gizarteak pauso xume baina eraginkor batzuk eman dituela arazoa aintzat hartze aldera, nahiz eta oraindik asko falta zaigun. Birusa ezagutu zenetik, duela 23 urte, negar asko egin behar izan dugu astunegia zelako estigma horrekin bizi behar izatea. Gaitza madarikaziotzat hartzen zen eta horrek izugarrizko eragina izan zuen gu guztiongan.
Orain inor ez da arrisku taldeez hitz egiten ausartzen, baina garai haietan bai. Madarikatutzat hartzen gintuzten, eta gu geu ginen gertatzen ari zitzaigunaren erantzuleak.Gaurjarrerak aldatu egin dira, baina oraindik hiesa behartsuenen, premia gorrian bizi direnen arazo izaten jarraitzen du. Eta hor sartzen ditu emakumeak. Lagun asko ditut birusarekin bizi direnak eta goraipagarria da ikustea nola, beraien burua zaintzeaz gainera, etxeko guztiez arduratzen diren, osasuntsu zein gaixorik egon. Ikusgarria da. Ez dakizue zein garrantzitsua izan den aurton hiesari buruzko kanpainetan emakumeen egoera nabarmentzea. Azkenean ohartu dira gure egoeraz. Gaixotasuna gizonen arazoa izan da orain gutxira arte. Botikak egiteko ere gizonekin bakarrik egin izan dituzte saioak, genero ikuspegiak kontutan izan gabe. Gure gorputzak ez dira berdinak; botikek ez digute berdin eragiten gizon eta emakumeoi.Ahaztu egin da guretzat askoz handiagoa dela arriskua. Emakumeontzako preserbagailua ere asmakizun nahiko berria da. Horrek ere askatasuna eman digu, guk erabakitzen dugulako jarri edo ez. Kondoia negoziatzea sekulako arazoa izaten da guretzat. Sineskaitza dirudi baina emakume bat baino gehiago ezagutzen dut kutsatu dena ezin izan zuelako preserbagailuaren erabilera lagunarekin adostu».