Igandean Hendaiako La Fontaine karrikako etxebizitza batean bikotekide ohiari eraso egin zion mutila hil egin da. Erasoa gertatu zenean, neskaren ahizpa eta haren bikotekidea ere etxean zeuden, eta hark sukaldeko labana batekin zauritu zuen mutila. Baionako ospitalera eraman zuten larri, eta hil egin zen astelehenean.
Gertaerak igande arratsaldean jazo ziren. 17:00 aldera, 18 urteko mutil bat bere bikotekide ohiaren etxera joan zen, eta mailu batekin eta cutter batekin zauriak eragin zizkion sorbaldan eta besoan. Poliziaren arabera, ahizparen 16 urteko lagunak labana bat hartu zuen, eta labankada bat sartu zion bizkarraren behealdean ustezko erasotzaileari. Neskaren ahizpak osasun zerbitzuei deitu zien, eta horiek berehala agertu ziren etxebizitzara. Medikuek neska gaztea etxean bertan artatu zuten, baina ustezko erasotzailea, berriz, Baionako erietxera eraman zuten bizkarrean zauri larria zuela ikusita.
Erasotzaileari labankada bat eman zion gaztea atxilotu egin du Poliziak. Gazte hark eta haren bikotekideak azaldu dutenez, emakume gaztea babesteko egin zioten aurre ustezko erasotzaileari.
Hil egin da Hendaian bikotekide ohiari eraso egin zion mutil gaztea
Bizkarrean labankada bat eman zion gaztea atxilotu du Poliziak, heriotza nola gertatu zen argitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu