Urriaren 28an ekin zioten gose grebari Sevilla II espetxeko euskal presoek. Gaur dute 30. eguna baraualdian, eta Asier Arzalluz donostiarra izan da gose greba utzi duen azkena, osasun arazoengatik. Garikoitz Etxeberriak eta Urtzi Paulek ere arrazoi berberengatik utzi zuten greba, baina itxialdian jarraitzen dute Javier Agirre eta Iñaki Arakamarekin batera.
Gose grebarekin bat egin zuten Manu Gonzalezek eta Koldo Apariciok ere, baina biak aske geratu dira azken egunotan. Horrenbestez, sei euskal presok jarraitzen dute gose greban: Iker Agirrek, Gurutz Agirresarobek, Juan Mari Etxebarrik, Txus Goikoetxeak, Juan Lorenzo Lasak eta Roberto Lebrerok. Bakoitzak hamabost bat kilo galdu ditu, eta oso ahul daude, Etxerat-ek ohartarazi duenez.
Sevilla II-ko presoen aldeko elkartasun ekitaldiak ugarituz doaz egunez egun. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, esaterako, espetxeko zuzendaritzari eskatu diote bertako presoen giza eskubideak errespeta ditzala. EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren babesarekin onartu da ebazpena; PPk aurka bozkatu du. Bestalde, Etxerat-en ekimenez hainbat udaletan euskal presoen eskubideen aldeko mozioak aurkeztu dituzte.
Pintura PPko egoitzari
PPko Bizkaiko idazkari nagusi Nerea Llanosek salatu du pintura jaurti dutela alderdi horrek Getxon duen egoitzan. Horrekin batera, Sevilla II espetxean dauden presoen egoeraz ohartarazteko afixak bota dituzte egoitza horren aurrean.
"Odolez zikinduta dauzkazue eskuak, hiltzaileak. Espainiako Gobernu faxistak euskal preso politikoak suntsitu nahi ditu, bizi osorako lurperatuz, jipoiak emanez eta baldintza krudeletan bizitzera behartuz", idatzi dute afixetan.