Hilabeteko zigorra eskatu dute Segiko hiru kideentzat

Frantziako bandera kentzeagatik epaitu dituzte gazteak Helegite Auzitegian; otsailaren 3an jakinen da epaia

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Frantziako bandera kentzeagatik epaitu zituzten Aintza Zufiaurre, Antton Rouget eta Andoni Anetas Segiko hiru kideak atzo Paueko Helegite Auzitegian. Gazteen aurka hilabeteko baldintzapeko kartzela zigorra eskatu du prokuradoreak. Hau da, bost urtez beste ekintza batengatik zigortzen badituzte, orduan dituzte preso sartuko. Otsailaren 3an jakinaraziko dute epaia.

Martxoan epaileak finkatu zigorra ez onarturik dei egin zuten, eta atzo burutu zen berriz epaiketa. Baionako Auzitegiak bakoitzari 300 euroko isuna eta hilabeteko baldintzapeko presondegiratzeaz zigortu zituen lehen aldian. «Motibazio politikoa» begiratzea eta horren ez zigortzeko eskatu zion Filipe Aramendi abokatuak atzo epaileari.

Horrez gain, Anetas ez zigortzeko eskatu zuen Aramendik, horrek ekintzan parte hartu izana hastapenetik ukatu duelako.

Besta eguna borroka egun

2009ko azaroaren 11n, hots, Frantziako Estatuak Lehen Mundu Gerraren Armistiza ospatzen duen egunean kendu zuten bandera frantsesa, «ez direlako frantsesak, eta egun horretan ez dutelako ezer ospatzerik». Alderantziz, sinbolo horiek «inposizioa eta mendekotasuna» adierazten dutela gehitzen dute. Hori dela eta, zuen besta eguna, gure borroka eguna lelopean urtero egiten dituzte ekintzak.

Auzipetuei sostenguz, elkarretaratzea egin zuten 35 bat lagunek, Libertat talde okzitaniarra ere bertan zela. Parodia baten bidez, Frantziaren jokaera salatu zuten gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.