Iruñeko Donibane auzotik, Santa Luzia-Soltxate eremura. Han eraiki dute Nafarroako hiriburuko espetxe berria. 75.500 metro koadroko azpiegitura da, eta atzo inauguratu zuten. Presoak, hala ere, hilaren 15 aldera eramanen dituzte eraikin berrira, Espainiako Espetxe Erakundeko idazkari nagusi Angel Yustek jakinarazi duenez. Azaldu du egun bat edo bi beharko dituztela denak tokiz aldatzeko.
Egun, 243 pertsona daude preso Iruñeko San Roke karrikako espetxean. Kartzela berrian, berriz, 504 ziega daude, eta bakoitzak bi lagunentzako tokia du. Ziega horiek hamar modulutan daude banatuta. 72 ziegako lau modulu daude, eta 36ko bertze sei. Azken horietako bat izanen da emakumezkoena. Bertze 53 ziega ditu gizarteratzeko zentroak. Hirugarren graduan diren presoak hartuko ditu eraikin horrek, bertze moduluen ondoan.
Presoekin batera, espetxeko funtzionarioak ere mugituko dira kartzela berrira. San Roken 114 ari dira egun. Gehiago beharko dituzte, ordea, eraikin berrian. Halaxe azaldu du espetxeko zuzendari Beatriz Gilek: «Langile taldea handitu beharko dugu; praktiketan ari diren funtzionarioekin eginen dugu».
Atzoko inauguraziorako hamaika funtzionariok hartu zituzten espetxeko gelak eta pasabideak, eta haietako anitzen identifikazio txarteletan, hain zuzen ere, irakur zitekeen praktiketan ari zirela.
Iruñeko espetxe zaharretik ez ezik, bertzelako espetxeetatik ere ekarriko dituzte presoak Nafarroako hiriburura. «Ohikoa da hori egitea», azaldu du Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek. Espetxe berria «gutxinaka» betetzen joanen direla zehaztu du, «behar diren funtzionario lanpostuak bete ahala».
Baldintza egokirik ez
Langileak falta dira espetxe berrian. Horixe argi du ELA sindikatuak. Atzoko inaugurazioan parte hartzeko gonbita jaso zuten ELAko kideek, baina ez ziren joan. Ezta Ezkerrako ordezkariak ere. Koalizioaren ustez, espetxeak ez du langile nahikorik izanen presoek arreta duina jasoko dutela bermatzeko.
Espetxeko arduradunek ez dute zehaztu zenbat funtzionario behar dituzten, ezta zenbat ariko diren lanean ere. Kartzelaren inaugurazio egunean, zentroak dituen baliabideak nabarmendu nahi izan dituzte: erizaindegia, presoek soldatapean lan egiteko tailerrak, prestakuntza mintegiak eta bertze izanen direla espetxean. Igerilekua ere bada, baina ez dute erabiliko, 50.000 eurokoa baita urteroko gastua. Erositako 721 telebistak ere ez dituzte geletan jarriko. Presoei erosteko eskainiko dizkiete.
Espetxeko baliabideen helburua presoak gizarteratzea dela nabarmendu du zuzendariak, eta zeregin hori betetzen saiatuko direla, bertzeak bertze, espetxetik enpresentzat eginen dituzten lanen bidez. Kartzela berriarekin elkarlanean aritu nahi duen enpresarik ez dago ordea oraingoz zerrendan, aitortu duenez.
Hilaren 15 aldera eramanen dituzte Iruñeko presoak espetxe berrira
75.500 metro koadroko eraikina inauguratu dute; 504 ziega ditu bi lagunentzakoak, bertze 53 gizarteratze zentroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu