Erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 21erako hainbat ekitaldi antolatu ditu Gure Esku Dago dinamikak Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Baionan eta Donostian. Besteak beste, oihal kateak egingo dituzte eguerdian, eta arratsaldean egingo dituzte ekitaldi nagusiak.
Horietan parte hartzera deitu du Koldo Mediavilla EAJren EBBko kideak Info7 irratian eginiko elkarrizketa batean. Erabakitzeko eskubidea "oinarrizko eskubide demokratikoa" dela nabarmendu du, eta gaineratu herritarrek sustatu behar dutela aldarri hori. Haren iritziz, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozial zabal bat dagoen heinean "lehenago edo geroago" aitortuko da eskubide hori. Halaber, gogorarazi du eskubide hori herritar guztiei dagokiela, ez soilik abertzaleei.
Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeaz, esan du udazkena garrantzitsua izango dela estatus politikoari buruzko akordioak lortzeko.
ELA ere ekimenarekin bat
ELA sindikatuak ere babesa adierazi dio ekainaren 21eko ekimen sortari: "ELAk txalotu egin nahi du mugimendu hau egiten ari den lana; mobilizazio handiekin batera –giza-kate gisan egindakoak edo duela hilabete batzuk Zurriolan egindakoa–, borondate berri eta pluralak biltzea lortzen ari da, auzoz auzo eta herriz herri".
Sindikatuaren arabera, "oso erraza den gauza bat adierazteko modu polita" izango dira egun horretako ekimenak: "Normalena jendea kontsultatua izatea eta eragiten dion guztiaren inguruan erabaki ahal izatea da".
Gainera, ekimenari atxikimendua adierazi diote CCOOko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako exekutibako kide Garbiñe Espejok, lan osasunerako arduradun Alfonso Riosek eta idazkari instituzional Lola Garciak.
Ekainak 21 hor egongo gara @GureEskuDago -ren ekitaldian! @garbineespejo@LgarciaLola@AlfonsoRiosV#gureeskudagopic.twitter.com/pZiT2PmsrZ
— Alfonso Ríos (@AlfonsoRiosV) June 9, 2015
Bestalde, astelehenean plazaratu zuen dinamikak ekainaren 21eko ekitaldietara joatera deituz zabaldutako spota. Egun bakarrean, 10.000 bisitatik gora izan ditu:
[Youtube]https://youtu.be/JPiPY-h9U3w[/Youtube]