Euskara

Hilaren 28an manifestazioa egingo du Kontseiluak Donostian

Espainia eta Frantziako gobernuetako ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak hizkuntza politikan egindako esku hartzeak gaitzestea izango du xede mobilizazio nazionalak.

Euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu zuten Iruñean, 'Gure Lingua Navarrorum, Euskaraz Bizi Nahi dugu' lelopeko manifestazioan, iaz. OIARTSO LOS ARCOS, ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko otsailaren 12a
21:04
Entzun

Hizkuntza politikaren esparruan azken hilabeteetan jasandako “injerentziak” salatzeko, “erantzun bateratua” emateko asmoa iragarria zuen Kontseiluak, baina gaur zehaztu du nolakoa izango den erantzun hori: Donostian manifestazio nazionala antolatuko du otsailaren 28rako. Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean, Gipuzkoa plazatik aterako da martxa, 17:30ean.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlok Urkijok salatutako udal ordezkariekin eta Uemako kideekin batera egin du agerraldia Kontseiluak. “Asko aurreratu dugu udalen euskalduntzean. Oinarri-oinarrian euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte; euskararen balio ofiziala ari dira zalantzan jartzen”, azaldu du Maren Belastegi Uemako lehendakariak.

Frantziatik ere erasoak heldu direla gogoratu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: Uztaritzeko Herriko Etxeak ofizial izendatu zuen euskara, baina erabakia atzera bota dute auzitegiek. “Guk nahi dugun hizkuntza politika egiteko eskubidea ez daukagu aitortua”. Hala ere, euskara lehenesteko erabakia “irmotasunez defendatzen” ari dira udal batzuk, eta horien jarrera txalotu dute mobilizazioaren antolatzaileek. Hilaren 28an babes hori berrestera deitu dute euskal gizartea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.