Hilaren 8an Bilbora joatera deitu dute ezker abertzalea, ELA, EHNE eta Hiruk

Prozesuak aurrera egin dezan presoen gaia konpondu beharko dela azpimarratu du ezker abertzaleak

Basauriko espetxearen aurrean elkarretaratzea egin zuen ezker abertzaleak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Egin dezagun urratsa. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira lelopean urtarrilaren 8an Bilbon egingo den nazio manifestazioari atxikimendua adierazteko, elkarretaratzea egin zuen ezker abertzaleak, atzo, Basauriko espetxe aurrean. Euskal presoei zein haien senideei «agurrik sentikorrena» adierazteko eta, bereziki, gaixotasun larriak dituzten espetxeratuei elkartasuna helarazteko egin zuten protesta kartzela aurrean. Izan ere, gaixotasun oso larriak eta sendaezinak izan arren, presondegi horretan dauzkate Juan Pablo Dieguez, Jose Ramon Foruria eta Jon Agirre euskal presoak, eta horrek nabarmen okertu du haien osasuna.

Presoen gaiari lehenbailehen heldu behar zaiola ohartarazi zuen Miren Legorburuk kartzela aurrean. Espainiak eta Frantziak euskal herritarren aurka ezartzen duten «espetxe politika kriminala» berehala amaitu behar dela eta, horretarako, ezinbestekoa dela herritarren mobilizazioa. Horrexegatik egin zuen urtarrilaren 8ko manifestaziora joateko deia.

Presoen egoera iraultzea, gainera, oinarrizko eskubideak errespetatu beharragatik ez ezik Euskal Herriaren etorkizunari begira ere ezinbestekoa dela ohartarazi zuen: «Irekitzen ari den fase berrian, abian den prozesu demokratikoan, ezinbestekoa da euskal preso politikoek egin beharreko ekarpena».

Legorbururen hitzetan, horregatik da beharrezkoa Euskal Preso Politikoen Kolektiboa politikoki aitortzea; «jokaleku demokratiko bat eraikitzeko prozesuan euskal preso politikoen parte-hartzea» bermatu beharra dagoela uste duelako. «Presoek kalean behar dute, prozesuaren parte aktibo izaten». Izan ere, ezker abertzalea seguru dago euskal presoen parte-hartzerik gabeko prozesu batek ez lukeela konponbide iraunkor eta sendorik ekarriko.

Horregatik guztiagatik eman dio berebiziko garrantzia presoen eskubideen alde mobilizatzeari eta hurrengo asteko larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte-hartzeari: «Euskal presoen aurka egiten den espetxe politika amaitzea Euskal Herrian bestelako egoera bat sortzeko bultzada ere badelako».

Sindikatuak ere ari dira manifestazioarekiko atxikimendua adierazten. ELAk, Hiruk eta EHNEk atzo eman zioten babesa publikoki, eta LABek herenegun. Sindikatuaren ordezkaritza Bilbon izango dela jakinarazi zuen ELAk, eta euskal gizarteari ere bertan izateko deia luzatu zion. Eskaera bera egin zien herritarrei EHNEk.

«Gure herrian behar dugun normalizazio politikoa eta bakea lortzeko euskal preso guztiak Euskal Herriratzea eta beren eskubide indibidualak zein kolektiboak errespetatzea ezinbesteko urratsa da», adiera zuen Hiruk bere atxikimendua argudiatzeko.

Hilaren 8ko protestari babesa eman dioten Nafarroako eragileen ordezkaritza batek atzo eman zuen herrialde horretan lortutako babesen berri. Besteak beste,politika, kultura, euskara, kirol eta komunikazio arloko 75 eragile nabarmenek eskatu dute hurrengo larunbatean Bilbora joateko.

Gaur, herri guztietan

Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan Etxean nahi ditugu! lelopean gaur iluntzean egingo diren elkarretaratzeekin ere eragile askok egin dute bat. Horien artean, Hiru, EHNE, ELA eta LAB sindikatuek. Hileko azken ostirala da gaur, eta Etxerat-en dinamika horren barruan egingo dira protestak. Urteko azken ostirala eta azken eguna ere badenez, ekimenak bereziki indartzeko eta babesteko eskatu dute presoen senideek, eta, herri askotan, lekuan lekuko dozenaka eragileren atxikimendua lortu dute. Zizurkilen, Villabonan eta Asteasun, adibidez, udalek ere egin dute mobilizatzeko deia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.