Arras harrotuta, haserre ibili da itsasoa egunotan. Eta, espero bezala, atzo ere gogor jo zuen Euskal Herriko kostaldean: haize bortitza, hotza, zazpi metro bitarteko olatu txundigarriak, harri kozkorrak karrikan, argazki kamerak. Ikusmin handia piztu du denboraleak. Baita balantze iluna utzi ere: olatuek jota, gizon bat hil zen atzo Ondarroako kaian, Bizkaian.
Senegaldarra zen jatorriz, eta 43 urte zituen. Portuaren muturreko bihurgunean zebilen paseatzen, tarte hori itxia zegoen arren. Gizonak, ordea, aurrera egin zuen, uhin handi batek harrapatu eta uretara bota zuen arte. Ondarroako kaiaren eta Saturraran hondartzaren artean topatu zuen Gurutze Gorriak. Itsasotik ateratzea lortu zuten, eta portura itzuli ziren. Suspertzen ahalegindu ziren, baina ezin izan zuten bere onera ekarri; portuan zendu zen.
Enbatak kalte franko eragin zuen Donostian ere. Olatu bortitzek Kursaaleko zubiaren adinako garaiera hartu, eta baranda zati bat hautsi zuten. Errepidean zeuden ibilgailu eta herritarrak ezustean harrapatu zituen; ziztu bizian alde egin zuten handik. Auto eta motoek, berriz, arazoak izan zituzten aurrera egiteko. Azkenean, baina, ez zen izan aparteko gertakari larririk, udaltzainen arabera. Moto gidari bat erori zen.
Ezbeharra jazo eta berehala, suhiltzaileak, larrialdi zerbitzuak eta udaltzainak bertaratu ziren. Zubia itxi zuten, olatuek eragin zitzaketen ezbeharrak eragozteko. Behin-behineko baranda bat jarri dute, hautsitakoa ordezkatzeko. Donostiako suhiltzaileak jakinarazi dutenez, gaur goizean Zurriolako zubia zirkulaziorako ireki dute. Oinezkoak soilik ezkerreko espaloitik —Alde Zaharreruntz— joan daitezke; baranda bota zuen espaloiak oinezkoentzat itxita jarraitzen du.
Itsasoa, hala ere, ez zen erabat asebete; oldartuta jarraitu zuen. Ohi bezala, txikizioak izan ziren Salamanka pasealekuan. Esaterako, bi lokaletara ura sartu zen —garbiketa enpresa batera eta jatetxe batera—. Olatuek leiho bana apurtu zuten. Itsasgora baretu ahala, giroa lasaituz joan zen apurka-apurka. Bai Kursaaleko zubia, bai Salamanka pasealekua itxita egongo dira, gutxienez, gaur arte.
Alerta laranja zegoen ezarrita isurialde atlantikoan, haizete eta olatu handiengatik. Zarautzen (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) neurriak hartu zituzten portu inguruan. Askok ezin izan zioten eutsi ikusminari, eta erretratuak eta bideoak egiteko aprobetxatu zuten. Surfa egitera ere animatu zen bat baino gehiago. Lapurdin, Biduze eta Aturri ibaien bazterretan sortu ziren arazo nagusiak. Hainbat bide itxita eduki arren, ez zen deus larririk gertatu.
Euskalmetek alerta horia ezarri du gaurko, eta itsasertzeko toki arriskutsuetara ez gerturatzeko aholkatu du. Eguraldi iragarpena gogorra da datozen orduotarako. Haizeak indartsu jo du bart: Matxitxakoko lurmuturrean, orduko 130 kilometroko abiadura hartu zuen. Gauerditik aurrera, indarra galduz joan da, eta zaparradak espero dira gaur, arrasti aldean, bereziki. Erne ibiltzeko eskatu dute.