«Hildakoak edo botoak» hautuaz aritu da Rubalcaba

«Aukera» baliatu eta egindako apustua benetakoa dela frogatzeko eskatu diote ezker abertzaleari

Erredakzioa
Bilbo
2010eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
ETAk polizia bat hil izana gaitzestearekin batera, asko izan dira ezker abertzaleari begira jarri direnak. Argi hitz egiteko eskatu diote. ETA gaitzesteko. Iragarritako apustua benetakoa dela erakusteko «aukeraz» ere mintzatu dira zenbait. Batez ere, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Botoak hartu dituzte hizpide alderdi sozialistaren gobernuetako ordezkariek. Eta bakarrak adierazi du «ñabardura» bat kontuan hartu behar dela: Iñaki Galdos Hamaikabat-eko kideak; ez dela ETAk «bilatutako atentatua» izan ohartarazi du.

«Hildakoak edo botoak». Hautu hori egin behar duela esan dio ezker abertzaleari Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak: «Hilketak gaitzesten ez dituenak ezin du botorik eskatu».

Patxi Lopez lehendakariak ere «aukeratu» egin behar duela esan dio. ETAren indarkeria gaitzesteko eta ETA amaitzeko «demokraziarekin» lan egiteko eskatu dio, bestela «demokraziatik, politikatik eta gizarte duinetik kanpo egongo delako».

«Unea iritsi» dela «aukera» baliatzeko, «pausoa» emateko», eta «talde terroristatik urrunduta politika politikaren armekin soilik» egin nahi dutela esateko proposatu dio Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak; politika «hitzarekin eta botoekin soilik» egin nahi dutela esateko.

Ezker Batuko Mikel Aranak ETAri desagertu dadila eskatzeko «aukera» baliatzeko esan dio, «bide politiko soiletatik egindako apustua irmoa dela frogatzeko».

Urratsa eskatu dio Alternatibako Oskar Matutek ere, «hilketa ez salatzeak» ez lukeela «inolako konfiantzarik sortzen lagunduko» abisu emanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.