Hillary Clinton hautagai demokratak kanpaina gaur bertan utzi dezakeela adierazi du haren senar eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente ohi Bill Clintonek; hots, gaur bertan iragar dezakeela erretiratu egingo dela. "Gaurkoa izan daiteke kanpainan murgilduta nagoen azken eguna", esan du bart Bill Clintonek Hego Dakotan, kanpainako ekitaldi batean. Emaztearen alde kanpaina egitea "ohorea" izan dela azpimarratu du.
CNN telebista kateak ondoren esan du Hillary Clintonek gaur bertan aitortuko duela Barack Obama dela demokraten hautagaia.
Baina hori guztia ukatu egin du Hillary Clintonen kanpainiako zuzendariak: Terry McAuliffek.
AEBetako Alderdi Demokratako hauteskunde primarioen prozesuko bozketak gaur amaituko dira, Montanako eta Hego Dakotako bozketekin. 16 ordezkari daude jokoan Montanan eta 15 Hego Dakotan. Obama Illinoisko senadorea da faborito bietan, baina ordezkari guztiak eskuratuta ere ez dira hautagaitza bermatzeko adina.
Hala ere, dagoeneko inork gutxik jartzen du zalantzan Obama izango dela demokraten hautagaia azaroan AEBetako presidentziarako bozetan. Izan ere, hark ez du hautagaitza automatikoki emango liokeen ordezkari kopurua eskuratu, baina Clinton New Yorkeko senadore eta Obamaren aurkari nagusia askoz ere urrunago dago babes hori lortzetik.
Hauteskunde primarioak AEB-etan
Hillary Clintonen taldeak ukatu egin du hura gaur erretiratuko dela
Bill Clintonek eta CNN telebista kateak zabaldu dute hautagai demokratak kanpaina gaur utzi dezakeela. Inork gutxik jartzen du zalantzan Barack Obama izango dela demokraten hautagaia azaroan AEBetako presidentziarako bozetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu