Ostiral gauean itzuli ez zenez, familiak ostiral gauean bertan eman zuen gaztea desagerturik zegoen abisua. Respomusotik abiatu zen, tontorrera igotzeko asmoz, bakarrik. Asteburu osoan aritu dira Guardia Zibila eta erreskate taldeak bila, lurrez eta airez, helikopteroarekin.
Astelehenean ere goizeko zortzietan hasi ziren bilaketa lanetan, eta 16:45 aldera aurkitu du Guardia Zibilak gorpua. Uste dute 150 metroko malkarrean behera erorita hil zela. Tontorrera igotakoan behera jaisten ari zela eroriko ote zen pentsatzen dute. Mendiaren hegoaldeko magalean aurkitu dute hilotza; harri artetik atera eta Jakako ospitalera eramateko lanean ari dira.
Aretxabaletakoa zen gaztea, eta 20 urte zituen. Mikel Crespo zuen izena; kazetaritza ikaslea zen, eta mendian maiz antzean ibiltzen zena. Gurasoekin zegoen Jakan egunotan. Aretxabaletan, andramaixak hastekoak ziren justu astelehen arratsaldean, eta gorpua aurkitu dutela jakin dute festei hasiera aurretxoan. Erabaki dute minutu bateko isilune bat egitea, eta Txoria txori kantua kantatu du abesbatzak haren omenez.