Hiltzaileak ez zuela Cal hiltzeko nahirik dio epaimahaiak, defentsarekin ados

Defentsak, epaia alde, urtebeteko zigor eskaerari eutsi dio; fiskalak lau urtera murriztu behar izan du

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hiltzeko asmorik ez zuen. 2010eko urtarrilaren 17an Tolosan (Gipuzkoa) labankada baten ondorioz Elena Cal hil zuen gizona epaitzeko hautatutako zinpeko epaimahaikideak ondorio horretara heldu dira egunotan Donostian egin den epaiketan. Atzo arratsaldean eman zuten epaia. Guztiz bat egin dute auzipetuaren defentsaren tesiarekin, eta arduragabekeria larriagatik eragindako homizidioa egotzi diote; aringarri gisara onartu diote alkohol mendekotasuna, eta astungarritzat egotzi diote, berriz, ahaidetasuna, iraganean bikote harremana izan baitzuen hildako andrazkoarekin.

Epaia entzunda, auzipetuarentzako zigor eskariak plazaratu zituzten atzo bi aldeek; defentsak, epaimahaiko kideek berarekin bat egin zutela baliatuz, urtebeteko eskaria bere horretan mantendu zuen. Fiskalak, berriz, hasieran egindako eskaria —hamalau kartzela urtekoa— lau urtera murriztu zuen. Ez erabaki horren inguruan desadostasunik erakutsi gabe: izan ere, zinpeko epaimahaikideen epaia «guztiz desegokia» iruditu zitzaiola nabarmendu zuen.

Espetxetik libre

Fiskalaren nahiak ez ziren soilik zigor eskarian zapuztu; auzipetua, arren, espetxetik irteten ez uzteko eskatu zuen. Portugalen jaioa dela nabarmendu zuen, Euskal Herrian ez dagoela sustraituta, eta ihes egin dezakeela. Epaileak, ordea, ez zuen eskakizun hori onartu; atzo arratsaldean bertan auzipetua libre uzteko autoa izenpetu zuen.

Defentsaren kontakizuna guztiz ontzat eman du epaimahaiak epaian. Alegia, auzipetuak andrea hil zuela onartu dute, baina leundu egin dute gizonaren jokabidea. Izan ere, andreari labanaz eraso egin zion unean auzipetua «aztoratuta» egon zitekeela esan dute. Txabola batean bizi zen, hildako andrearekin eta hark garai hartan bikotekide zuen gizonarekin; bi horiek etxolan «bortxaz» sartu zirela azaldu du gizonak. Aintzat hartu dute hori epaimahaikideek: are gehiago, bere burua «defendatzeko» saioa egin zuela azaldu dute, bere erantzuna «neurtzen» asmatu ez, eta orduan hil zuela Elena Cal.

Andre bati sexu ukituak egin zizkion masajista baten kontrako epaia ere eman zuten atzo Donostian: urtebeteko zigorra du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.