Gizartea demografikoki gero eta zaharragoa den garai hauetan, heriotzaz ari garenean adineko pertsonak irudikatzeko joera izaten dugu. Adinekoen kezka eta beharrak eta haien bizitzaren amaierako prozesua hartzen dira kontuan gehienetan. Baina ba al dago ezer heriotza baino unibertsalagorik? Haurrek ere bizitzen dute beren ingurukoen heriotza, eta, tamalez, umeak ere hiltzen dira. Familiek, osagileek eta gizarteak berak tabutzat duen hori errealitate «gordina» da, Carola del Rinconek (Madril, 1980) EHUren Udako Ikastaroetan eman duen hitzaldian argitu duenez. «Ezinbestekoa da, baina, haurrek eta ingurukoek bizitzaren amaieraz ere gozatzea».
Pediatriako zainketa aringarrien lan taldeko kide da Del Rincon, Madrilgo haurrentzako ospitale batean. Diziplina arteko profesionalak biltzen dituen talde horrek gaixotasuna era «gizatiar» eta «duinenean» bizitzen laguntzen die hilurren dauden haurrei eta haien familiei; heriotza onartu eta beren bizitzetan txertatzeko, bidelagun dituzte.
Ingurukoen heriotzak berez eragiten duen atsekabearen ondoan, haur batenak biziki kezkatzen ditu haren ingurukoak: «bizitzeko astirik izan ez duela ikusten dutelako eta harekin imajinatu dituzten etorkizunerako proiektuak birrindu egiten direlako». Edonola ere, haurrak ez dio gozatzeari uko egin behar. «Hilurren badago ere, haurrak haur izaten jarraitzen baitu, eta ahal duen heinean, jolastu egin behar du».
Iruzurrik ez
Jolasa eta gozamena ez daude haurrari bere egoeraz informatzearekin kontrajarrita. Del Rinconek adierazi duenez, bizitza transmititu behar zaie haurrei, baina «iruzur egin gabe». Joera kulturala da edozein gaitzez babesteko, haurrei egia ukatzea. Baina, informaziorik ezean, beren fantasiez marrazten dute errealitatea, eta okerreko ondorioak ateratzen: gaixotasuna beren jokabide txarraren ondorio dela, kasu. Horregatik, «haiek entzun eta egoera tentuz azaltzeko gai izango den heldua» behar dute haurrek, «arazoari aurre egingo diona».
Non dago, baina, halako egoera bat helduei eta haurrei kontatzearen arteko diferentzia? Gaixotasunarekin eta heriotzarekinzerikusia duten kontzeptuak bereganatzeko eta emozioak kudeatzeko gaitasunean. «Gurasoek dakite,beste inork baino hobeto,beren seme-alaben eboluzio kognitiboaren berri». Hortaz, beste edozein gairi buruz bezala hitz egin behar diote heriotzaz ere, haurraren mundu ikuskerari erantzunez. «Jolasak, asmakizunak, telesailak, pelikulak... izaten dira heriotzaz hitz egiteko bidea».
Haurrei babesa eta segurtasuna ematearen garrantzia nabarmendu du psikologoak. Bainahaurraren autonomia errespetatzeaz ere ohartarazi du. Bere lorpenak aitortu behar zaizkio, besteentzat ere baliagarria dela sentiaraziz: «Behar baino gehiago babestuta, gaixoaren rola inposatu baino ez zaio egiten haurrari». Hilurren egon arren, ez da ahaztu behar beti izan den haurra dela.
Etxeko berora
Osasun zainketa etxean egitearen aldekoa da Del Rincon. Bainahorretarako baliabide publikoak oso urriak direla azaldu du. «Egoera onargarriena minbizia dutenena da, eta elkarte zibilen borrokaren lorpena da», haren esanetan. Haurrarentzat ez ezik, familiarentzat ere oso onuragarria da haurra etxean izatea. Psikologoak nabarmendu duenez, anai-arreben arteko harremana estutzen laguntzen du, eta hilurren dagoen haurrari agurra errazten.
Horrez gain, bizitzaren amaieraz gozatzeko tarte handiagoa uzten zaio haurrari. Zainketa aringarrien lan taldeak ezinezko ziruditen ametsak betetzen lagundu diete haurrei eta haien familiei. Adibidez, elurra ezagutzeko desira zuen haur bat elurretara eraman zuten, tratamendurako traba izan zitekeen arren. Medikazioa kontrolatu ez ezik, haurrak bizipen hori ere behar zuela irizten dio psikologoak, eta horri ere erreparatu behar ziotela zaintza aringarrien lan taldekoek: «Haren tratamenduaren partetzat hartu genuen elurra ikustea ere».
Carola del Rincon. Psikologoa
«Hilurren badago ere, haurrak haur izaten jarraitzen du, eta jolastu egin behar du»
Hilurren dauden haurrei beren egoeraren gaineko kontzientzia izateko eta bizitzaren amaieraz gozatzeko aukera eman behar zaiela azaldu du psikologoak; azken finean, bizirik baitaude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu