Gobernuak proposaturiko fin de vie (bizitzaren amaiera) legea onartu dute gehiengo osoz, 436 aldeko botoekin. 34 diputatuk aurka bozkatu dute, eta 83 abstenitu egin dira. Eutanasia eta suizidio lagundua baztertzen ditu arauak. Horren ordez, hilurren dauden gaixoei sedazio «jarraitua eta sakona» jasotzeko eta haien bizitza artifizialki mantentzen duten tratamendu oro eteteko eskubidea bermatzen die. Alegia, pazientea hidratatzea eta hodien bitartez elikatzea etetzeko aukera ematen du arauak.
2012ko hauteskunde kanpainan hitz emandako erreforma bete du François Hollande Frantziako presidenteak. Asanblearen ahalik eta babes gehienarekin onartu nahi izan du legea, eta, kontsentsu hori lortzeko, bi parlamentariri eman die lege proposamena osatzeko enkargua: PSko Alain Claeysi, eta Jean Leonetti UMPko hautetsiari."Batzuek espero zezaketen harago joatea, baina aukera bat egin dugu. Ez da Leonetti legearen [aurreko legearen] moldaketa soil bat, benetako aldaketa da", azaldu du Marisol Touraine Osasun ministroak.
Halere, diputatu guztiak ez dira iritzi berekoak. Veronique Massounneau ekologisten ordezkariak haren taldearen abstentzioa azaldu du: "Legeak desberdintasunak areagotzen ditu". Izan ere, diputatuak ohartarazi du makina bat herritar joan ohi direla Belgikako eta Suitzako kliniketara "duintasunez hiltzera". Horretarako baliabide nahikorik ez duenak, ordea, ezin du eskubide hori bermatu, hautetsi ekologistaren iritziz.
Elkarte erlijioso eta sektore kontserbadoreenak ere legearen aurka azaldu dira. UMPko Guy Geoffroyk alderdi barruko desadostasunak leundu nahi izan ditu. "Zaintza aringarrien garapena da testua, gaixoaren borondatea hobeto jasotzeko aukera ematen du". Halaber, legearen "jarrera eraikitzailea" nabarmendu du, eta eutanasiaren kontrakoak lasaitu ditu. "Ez da eutanasiaren edo suizidio lagunduaren legea".
Heriotza duina
Hilurrenekoen sedazioak arautu ditu Asanblea Nazionalak, eutanasia aktiboari atea itxiz
PS eta UMP Frantziako bi alderdi nagusiek babestu dute legea, baina ez ditu asebete ez eutanasiaren aldekoak ezta sektore kontserbadoreenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu