Marina Peña. Psikologoa

«Hiperaktibitatea duen ume baten gurasoei esango nieke uste osoa izateko harengan»

Marina Peña psikologoak uste du askotan psikologoen, hezitzaileen eta gurasoen arteko koordinazioa falta dela hiperaktibitatea eta arreta falta duten haurrak tratatzeko. Haur horien balioak goraipatu ditu.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Erraza ez den arren, Marina Peña psikologoaren (Costa Rica, 1961) arabera, «oso garrantzitsua» da hiperaktibitatea eta arreta falta garaiz diagnostikatzea. Behar bezalako arreta emanez gero haur horiek etorkizun oparoa izan dezaketela uste du. Peñak gaiari buruzko hitzaldiak eman ditu Donostian, Kursaalean. Hiperaktibitateari eta Arreta Faltari Buruzko Espainiako Kongresua egin zuten bertan, atzo eta herenegun.

Zein ezaugarri dituzte hiperaktibitatea eta arreta falta duten haur eta nerabeek?

Ikasteko gaitasun aproposak dituzte. Baina arazoak dituzte beren burua kontrolatzeko, antolatzeko, jardun aurretik pentsatzeko... Horrek guztiak eragin du haien jarreretan eta emaitza akademikoetan. Kozkortzen joan ahala, dituzten arazoez konturatzen dira, eta zertxobait kontrolatzen ikasten dute. Baina, orduan, beste arazo bat izaten dute: oso autoestimu baxua dutela. Izan ere, etxean eta eskolan jaso dituzten mezuak ezkorrak dira. Alferrak direla esaten diete, ez dutela ikasteko balio.

Zer behar da hori ez gertatzeko?

Oso garrantzitsua da arazoa garaiz diagnostikatzea eta haurrari beharrezkoa duen arreta ematea. Familien, psikologoen eta irakasleen lana oso garrantzitsua da horretarako. Haurrek eta nerabeek inguru egituratu, orekatu eta motibatzaile bat izan behar dute.

Garaiz diagnostikatzearen garrantzia aipatu duzu. Askotan ez da erraza hori, ezta?

Arreta faltaren kasuan, ez da batere erraza. Irakasleek eta gurasoek haurraren jarrera txarra ikusten dute. Hori dela eta, erru edo ardura osoa nerabearen bizkar uzten dute. Baina jarrera horiek behin eta berriz errepikatzen badira, pentsatu beharko lukete hor arazo bat dagoela eta heldu egin behar diotela. Gainera, kasu bakoitza diferentea da, eta horrek zaildu egiten du diagnostikoa. Gaur egungo gizarteak duen bizimoduaren ondorioz, halaber, haurrek badituzte jarrera arazo batzuk. Baina horiek ez dira nahastu behar hiperaktibitatearekin eta arreta faltarekin.

Haur horiek askotan botikak hartu behar izaten dituzte. Horren aldekoa zara zu?

Bai. Botikek ez diete kenduko arreta falta eta hiperaktibitatea, baina beren burua kontrolatzen lagunduko diete. Psikologoek, gainera, hainbat teknika emango dizkiete kontrolatzen ikasteko. Horri etxekoen eta eskolakoen laguntza gehituz gero, aurrera egingo dute. Arazoa da guraso asko beldurtu egiten direla esaten dietenean seme-alabek halako botikak hartu behar dituztela. Ondorioz, ez ematea erabakitzen dute. Nik, ordea, galdera bat egingo nieke: diabetesa izango balute, berdin jokatuko lukete? Nik uste ezetz. Hiperaktibitatea eta arreta falta arazo neurologiko bat da, eta ikuspegi mediko batetik ere tratatu behar dira.

Funtsezkoa da, beraz, gurasoen, irakasleen eta psikologoen arteko elkarlana.

Ezinbestekoa da. Gaur egun hori da hiperaktibitatea eta arreta falta tratatzerakoan dagoen gabezia nabarmenetako bat, koordinazio falta. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Harrigarria badirudi ere, badira seme-alabei laguntzeko borondaterik ez duten gurasoak. Irakasle batzuek uste dute gurasoen aldetik jasotako tratuaren ondorioa direla haur horiek dituzten jarrerak. Ez dute uste arazo neurologiko bat dutenik. Badira, gainera, irakasleekin elkarlanean aritzeko prest ez dauden psikologoak. Horrek guztiak zaildu edo oztopatu egiten du koordinazioa.

Zein ondorio ditu behar bezala ez tratatzeak?

Autoestimu baxua izatea eta psikologikoki oso pertsona zaurgarriak izatea. Dituzten jarrera oldarkor eta bat-batekoengatik askok arazoak dituzte lanean, bikotekidearekin eta lagunekin.Gainera, arrisku handiagoa dute, adibidez, drogak hartzeko eta errepide istripuak izateko. Bi adibide besterik ez dira.

Dena den, zuk nahiago izaten duzu haien balioak aipatu.

Bai. Jendeak uste baino gehiago dituzte. Adibidez, oso irudimentsuak eta intuitiboak dira. Ondorioz, oso trebeak dira negozioetarako. Gainera, lider izaera dute. Inguruan gauzak antolatzen laguntzen dien norbait badute, arrakasta izateko aukera handia dute. Etorkizun oparoa duten pertsonak izan daitezke, gutako edozein bezala.

Hiperaktibitatea eta arreta falta duten bi seme dituzu. Zein aholku emango zenieke arazoa diagnostikatu dioten haur baten gurasoei?

Laguntza eska dezatela eta ez dezatela sekula itxaropena gal. Uste osoa izan dezatela beren semean edo alaban. Esan diezaiotela zenbat balio duen. Lagundu egin behar diote duen onena erakusten. Haur horren etorkizuna nabarmen aldatuko da inguruan harengan uste osoa duen pertsona bat badago.

Beste alaba bat baduzu. Nola eraman du hark egoera?

Ondo. Hiperaktibitatea eta arreta falta duten haurrek energia asko kentzen dizute. Baina horrek ez du esan nahi beste seme-alabak bazterrean uztea. Haien anai- arrebei hori azaldu behar zaie, eta batez ere haiei ere beren lekua eta arreta eskaini. Gurasoak ondoan izan behar dituzte haiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.