Hiriguneetara sartzea mugatuko diete ibilgailu kutsagarrienei

Airearen kalitatea hobetzeko asmoz, 90 neurri biltzen dituen plana onartu du Espainiako Gobernuak

Auto ilarak Bilborako sarreran, Sabino Arana etorbidean. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gas kutsagarri gehien isurtzen duten autoei mugak ezarriko zaizkie Hego Euskal Herriko hiri erdiguneetara sartzeko. Izan ere, Espainiako Gobernuak Airearen Kalitatearen Plana onartu zuen atzo, eta, besteak beste, neurri hori proposatu du planean. Horrez gain, hiri kanpoaldean ibilgailuen abiadura mugatzeko asmoa du.

Orotara 90 neurri biltzen ditu gobernuak onartu duen planak, airearen kalitatea hobetze aldera. Gehien kutsatzen duten autoei hiriguneetako sarrera mugatzeko, ibilgailuei etiketa bat jartzeko asmoa azaldu du gobernuak. Ibilgailu bakoitzak isurtzen duen gas kutsagarriaren mailaren araberakoa izango da etiketa hori. Espainiako Gobernuko Ingurumen ministro Rosa Aguilarrek eta exekutibo horretako eledun Jose Blancok jakinarazi dituzte onartu duten planaren nondik norakoak. Aireko kutsadura garbitzeko «euria egin zain geratu baino zerbait gehiago» egin behar dela esan du Blancok.

Hirietan airearen kalitateak hobera egin duela adierazi du Aguilarrek, baina erantsi du oraindik ere sarritan urratzen dutela gai horren gainean Europako Batasunak emandako zuzentaraua. Halaber, arau hori betetzen dutela ziurtatzeko asmoz, Aguilarrek adierazi du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak egunero jakinaraziko duela 100.000 biztanletik gorako hirietan aireak zer kutsadura maila duen. Datuarekin batera, gas horrek herritarren osasunean izan ditzakeen eraginen gaineko informazioa zabalduko du Aemetek. Aguilarrek gaineratu duenez, Gizarte Segurantzako lan ikuskaritzaren arloko teknikariek hainbat txosten idatziko dituzte kutsadurak langileei haien jardunean zenbateraino eragiten dien jakite aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.