Iruñeko alkatetza

"Hiritar guztien" alkate izan nahi du Joseba Asironek

Iruñeko alkatetzan hartuko lituzkeen konpromisoak zerrendatu ditu EH Bilduko hautagaiak. Bere lehentasuna "pertsona guztien eskubide sozialen defentsa" izanen dela nabarmendu du, eta "edozein giza eskubideren urratzea errefusatu eta gaitzetsi" du. 

Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaia, gaur, koalizioaren egoitzan. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2015eko ekainaren 7a
13:49
Entzun

Maiatzaren 24ko hauteskundeetik bi aste betetzear direnean, agerraldia egin du Joseba Asiron Iruñeko EH Bilduko alkategaiak, orain arteko negoziazioak baloratu eta hurrengo urratsak azaltzeko. Hautagaiak alkatetzan hartuko lituzkeen konpromisoak zerrendatu ditu, hedabide aurrean egindako adierazpenean. Iruñea jatorri, hizkuntza, kultura, erlijio eta atxikimendu politikoan "aniztuna" dela esan du alkategaiak, eta, alde horretatikn, "hiritar guztien" alkate izateko konpromisoa adierazi du, "sektarismo eta bazterketatik aldenduz" eta "bizikidetzaren" alde eginez. 

Era berean, alkatearen lehentasuna "eskubide sozialen defentsa" izanen dela nabarmendu du, eta "krisi ekonomikoa gehien pairatzen dutenak" aipatu ditu bereziki, arlo horretan egin beharreko lanari dagokionez. Gainera, "haurren, gazteen, emakumeen eta pertsona helduen eskubideen" aldeko jardunak garatzeko alkatetza "tresna" izanen dela adierazi du Asironek. 

Bakea, bere gain

Iruñeko alkate berri izan daitekeenak konpromiso argia hartu du bakegintzaren arloan ere: "Bakearen aldeko lana nire gain hartuko dut", adierazi du. Gainera, "biktima guztiekin, memoria eskubidearekin eta erreparazioarekin esfortzu berezia" eginen duela esan du, eta "kontakizunen aniztasunetik autokritika, erantzukizunen onarpena eta giza eskubideen aldeko apustua" egiteko borondatea adierazi du. Horren haritik, hain zuzen ere, argi mintzatu da EH Bilduko alkategaia: "Giza eskubide guztiekiko konpromiso irmoa" adierazi du, eta nabarmendu du izaera "zibil, sozial, ekonomiko, berde, linguistiko eta politikoko" eskubideak direla horiek. Era berean, "edozein giza eskubideren urratzea errefusatu eta gaitzetsi" du alkategaiak. Azkenik, "pertsona guztientzat ateak zabalik" izanen dituen udala defendatu du, eta "elkar ulertzearen kultura" bultzatzearen alde mintzatu da. 

Bestalde, azken bi asteetan Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra indarrekin zein udal langileen ordezkari, merkatarien elkarte eta auzoetako elkarteekin izandako bilerak baloratu ditu hautagaiak, eta "oso positiboak" izan direla adierazi du, "dezente aurreratu" delako horietan. Hiru alderdi horiek babesa adierazi diote Asironen izendapenari, baina oraindik ikusteko dago zein izango den udal gobernuaren osaketa. Alkategaiak jakinarazi du datorren astean "bilera anitz" egingo dituztela aldaketaren aldeko indar guztiak bilduta. Era berean, heldu den astean udal gobernuaren osaketaren zein programaren gaineko akordioa lortzeko itxaropena agertu du Asironek. Eta, esan duenez, "inbestiduratik harago aldaketaren aldeko alderdiek gobernuan parte har dezatela" nahi du alkategaiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.