Otsailaren hasieran izan zituen Nafarroako Foruzaingoak isileko ehizean ari zirelako lehen zantzuak. Artikutza leku babestua da eta debekatuta dago han ehizean aritzea. Hala ere, orkatzak eta basurdeak botatzen ari zirelako susmoa hartu zuten. Basozainekin eguneko eta gaueko zaintzak koordinatu eta hilaren 26an hiru lagun atxilotu zituen. Egun horretan orotariko ibilgailu bat sartzen ikusi eta hiru lagunak identifikatu zituzten. Nafarroako ehiza eta legea haustea leporatzen diete. Errifle bat atzeman zieten.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hiru atxilotuak Oiartzungoak dira (Gipuzkoa), eta elurretan, gauez, leku babestu batean, motordun ibilgailu batekin eta animaliak argiekin itsutuz ari ziren isileko ehizean. Elurra dagoenean ehiza debekatuta dago, animaliek babesteko aukerarik ez dutelako. Gauez ere ezin da aritu, ezta motordun ibilgailu batekin ere; are gutxiago argiekin animaliak itsutuz. Gobernuaren arabera, gainera, erriflean bost bala zituzten, baimenduta dagoen kopurua baino gehiago.
Foruzainek salaketa Nafarroako Ingurumen Departamentura bideratuko dute datozen egunetan, gertatutakoaren txostenarekin batera.