Bizigiro

Hiru dimentsioko itzulia medikuntzari

Hiru dimentsiotako inpresorek gogotik aldatu dute medikuntzaren alorra, eta adituek diotenez, iraultza bertan da.

Zirujauen lana errazten dute hiru dimentsiotan inprimatutako piezek. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2016ko ekainaren 3a
11:46
Entzun

Ez da etorkizuneko kontua. 3D inpresorak zabaldu eta merketu diren heinean, hamaika sektoretan eragina izan du teknologia horrek. Medikuntzan ere bai. Dagoeneko Euskal Herriko zirujauen lana errazten dute hiru dimentsiotan inprimatutako piezek: operazioak ongi prestatzeko, pazienteei zer duten eta nola operatu behar dituzten esateko, eta medikuntza irakasteko oso baliagarria da teknologia. Are, iraultza ate joka dagoela diote adituek. Izan ere, dagoeneko enpresa batzuek esan dute organoak inprimatzeko gai direla. Legeak bide horretara egokitzea erronka handia izanen da.

Bihar 3D teknologiak medikuntzan izan duen eraginari buruzko erreportajea argitaratuko du Berriak Bizigiro gehigarrian. Horretaz gainera, Iruñeko Arrosadia auzoari so jarriko du irakurlea. Alde batetik, asteburuan bestak direlako, eta bertako kiliki konpartsaren 25. urteurrenari buruzko artikulu bat argitaratuko delako. Bestetik, heldu den asteazkenean Artisten auzoa egitasmoa eginen dutelako han, orain arteko gunea –Alde Zaharra– atzean utzita. Aurten 200 artista baino gehiagok emanaldiak eskainiko dituzte Arrosadiko hainbat tokitan igandera bitarte.

Asteburuko proposamenen artean Bioterra azoka aipatuko da, baita San Adriango kobazuloan (Zegama, Gipuzkoa) eginen den Europako historiaurreko arku bidezko tiro lehiaketa ere. Etxalarren (Nafarroa) gaztaren eta eskulanen feria eginen dute, Basaurin (Bizkaia) Kaleartean egitasmoa eta Baionan Katalina Erauso pastorala estreinatuko dute. Zinemari buruzko orrian, Nicolas Winding Refn zuzendariaren The Neon Demon filmari buruz idatzi du Gontzal Agotek. Asteazkenean estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.