Ingurumena

Hiru eguneko protestak antolatu ditu Araba Garoñarik Gabek

Hauteskunde Batzordeak legez kanpokotzat jo du larunbaterako deitutako manifestazioa.

Araba Garoñarik Gabe plataformaren prentsaurrekoa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
aitor biain
2015eko abenduaren 16a
21:11
Entzun

Hiru eguneko protestak antolatu ditu Araba Garoñarik Gabe plataformak, Hauteskunde Batzordeak larunbaterako deitua zuten manifestazioa debekatu ondoren. "Ez gaituzte isilduko", adierazi du Alberto Frias plataformako bozeramaileak. "Bi aukera genituen: epaiari errekurtsoa jarri ala kasurik egin ez. Bigarrena aukeratu dugu: ez gara joko horretan sartuko". Hori dela eta, 10.000 itsasteko banatuko dituzte ostiraletik igandera bitarte protesta moduan. "Herritarrei beren adierazpen askatasuna erabiltzeko eskatzen diegu, eta zer pentsatzen duten esateko".

Larunbaterako zegoen deituta mobilizazioa, eta eragile ugarik egin zuten bat deialdiarekin. PPk, baina, Arabako Hauteskunde Batzordeari gogoeta egunean egitearen egokitasunaz galdetu zion. Batzordearen erantzuna atzo jakin zen: debekatu egin zuen manifestazioa, igandeko “borroka politikoaren barruan” kokatzen dela argudiatuta.

Hain zuzen, Hauteskunde Batzordearen epaia "lotsagarria" eta "barregarria" dela adierazi du Friasek, eta "joko zikina" egin izana egotzi dio PPri. "Doilor, zital eta miserablea izan da PPren jarrera". 

Hiru urte dira gaur Garoñako zentral nuklearra itxi zutela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.