HEZKUNTZA

Hiru elekoak ingeles maila hobetu du, gainerako alorretan okertu gabe

Eusko Jaurlaritzak esperimentazioaren ebaluazioa argitaratu du. Euskara mailan ez dago alderik hiru eleko ikasleen eta gainerakoen artean, eta matematikan ere ez.

Cristina Uriarte, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko maiatzaren 7a
07:51
Entzun

Aurreko Jaurlaritzak abiarazi zuen hiru eleko eredua, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburu zelarik. Orain indarrean dauden hizkuntz ereduen aldean, aldaketa nabarmena dakar: gutxienez orduen %20na eman behar dute hiru hizkuntzetan —euskara, gaztelania eta ingelesa—, eta, hortik aurrera, eskolak erabakitzen du zein hizkuntzatan eman eskolak; euskarari lehentasunezko arreta eman behar zaio teorian, nolanahi ere.

Proban parte hartu duten ikastetxeetan azterketak egin dituzte, eta ondorio nagusiak plazaratu ditu Jaurlaritzak. Horrekin batera, hiru eleko eredua probatzen ari ez diren ikastetxe batzuk ere aztertu dituzte, konparaketa egin ahal izateko. Hona hemen ondorio nagusiak:

1. Ingelesak gora. Hiru eleko ereduan ari diren ikasleen ingeles maila nabarmen handitu da hiru eleko ereduarekin. Ikasgai batzuk ingelesez ematen ari dira, Ingelesa ikasgaiko orduez gainera. Azken azterketako datuetan alde handia nabari da, batez ere DBHn: hiru elekotik kanpo aztertutako ikasleetan, gutxieneko mailan daude ikasleen %20; hiru elekoarekin %3. B2 maila %27k lortzen dute hiru elekoarekin DBHn; eredu horretatik kanpo, %3k.

2. Elebitasunak mesede. Ikasle guztiek ez dute maila neurri berean hobetzen. Ikasle elebidunek, euskaraz eta gaztelaniaz egoki dakitenek, gaitasun handiagoa dute ingelesa menperatzeko. Erdaldun elebakarren eta euskaraz maila eskasa dutenek ingelesean ere ez dute gainerakoen maila lortu.

3. Beste hizkuntzak. Ikasgaiak ingelesez emateak beste hizkuntzetan eragina izango zuelakoan, hori neurtu dute. Alde handirik ez dago hiru elekoan ari direnen eta gainerakoen artean. Euskaraz, adibidez, oso parean daude: DBH amaieran, hiru elekoan ari direnek 534 puntu dituzte, eta ari ez direnek, 536. Ez da alde esanguratsua.

4. Gainerako ikasgaiak. Ingelesa ikasgaitik aparte, beste alor batzuetako eskolak ere ingelesez ematen dituzte —matematika, adibidez—. Horrek errendimendua kaskartzen ote duen aztertuta, ezezkoa da emaitza. Areago, matematikan puntuazio altuxeagoa dute hiru elekoan ari diren ikasleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.