Oposizioetan edukiak filtratzen direla salatu eta bi egunera hartu du lehen erabakia Osakidetzak. Geldiarazi egin ditu hiru espezialitatetako lan eskaintzak, behin-behinean; aurkeztu diren salaketak aztertzeko ireki diren informazio espedienteak argitu artean.
Medikuen Euskal Sindikatuak beste bederatzi arlotan ere atzeman du iruzurra, baina Osakidetzak ez du horien gaineko xehetasunik eman oraingoz. Sindikatuarekin bat eginez, susmopean dauden lan eskaintza publiko guztiak gelditzeko eskatu dute EH Bilduk eta Ahal Duguk.
"Susmoa ez dago soilik hiru arlotan, proba guztiak daude kolokan", ohartarazi du Rebeka Ubera EH Bilduko diputatuak. Prozesu guztia eteteko eskatu du Uberak, iruzurrik egon den argitu artean, eta eskatu dio Jon Darpon Osasun sailburuari alda dezala aukeraketak egiteko eredua aldatzeko, indarrean dagoenak "iruzurrak ahalbidetzen dituelako".
Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean, Andoni Artzelai Zerbitzu Medikoko zuzendariarekin batera, erabakiaren berri emateko. Azaldu duenez, Osakidetzak informazio espedientea ireki du anestesiako, kardiologiako, eta angiologia eta kirurgia baskularreko espezialitateetan, eta espediente horiek argitu artean ez ditu alor horietako lan eskaintza publikoak berriz martxan jarriko.
Mujikak ez du baztertu espezialitate gehiagotan ere espediente gehiago irekitzea, azterketetako emaitzak zalantzan jartzeko moduko zantzuak daudela ebatziz gero. Jakitera eman duenez, Osakidetzak "informazio zehatza" eskatu die 67 espezialitatetako azterketen epaimahaiei, eta, horrez gain, azterketa estatistikoa aginduko dio Osakidetzatik kanpoko aditu bati, azterketen emaitzen inguruan. Informazio hori beharrezkoa bada Justiziaren esku utziko dela gaineratu du.
Osakidetzak nabarmendu du emaitzak dagoeneko egin diren hamabi espezialitatetan jarri direla zalantzan. "Inork ez ditu zalantzan jarri 74 kategorietako ariketak; beraz, datozen asteburuetarako aurreikusitako azterketak egin egingo dira, aurreikusi bezala", esan du Maria Jesus Mujikak.
Auzia aztertzeko, Osakidetzaren lan eskaintza publikoaren jarraipen batzordera deitu dute. Osakidetzaz eta Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeaz gain, eskaintza sinatu duten sindikatuek parte osatzen dute batzorde hori.
ELA, LAB eta ESK sindikatuen iritziz, motz gelditu da Osakidetzaren erabakia, eta lan eskaintza publikoa susmopean dauden 12 arlotan etetea galdegin dute. ELAk, LABek eta ESK-k fiskaltzaren aurrean salatu dute auzia.
Lehiaketan iruzurra izan dela pentsatzeko arrazoi nagusia azterketen emaitzetan ikusi dute salatzaileek. Probetako emaitzetan alde handia nabari da, eta filtrazioak egon direla ondorioztatu dute.
Azterketak egin aurretik, anestesiologiako postuak lortuko zituztenen zerrenda osatu zuen Ahal Dugu-k eta notario aurrean erregistratu zuten. Egindako iragarpena bete egin da azterketako emaitzak argitaratu direnean.
Espezialisten oposizioetara aurkeztutako hainbat medikurekin hitz egin du BERRIAk, eta bat datoz haien kontakizunak: azterketa egin aurretik arduradunek erabakia dutela nori eman postua, eta aurretik jakinarazten dietela zer ariketa sartuko den. Lekukotasun horien arabera, sistema hori "urteetan" dago indarrean, eta isiltasuna du indargune: inork ez du ezer esaten, "beldurragatik" eta sistema horrekin bere "txanda" iritsiko delakoan.