Kuban duela hogei urte baino gehiagotik deportatuta zeuden hiru euskal herritar atxiki dituzte Venezuelako agintariek, Caracasko hainbat hedabidek atzo jakinarazi zutenez.
Xabier Perez Lekue, Elena Barcena Arguelles eta Iñaki Etxarte Urbieta dira hiru euskal herritar horiek.
Venezuelako hedabideek esan zutenez, hiru euskal herritarrak Haitiko herritar batekin batera zihoazen ontzi batean; Venezuelako kostara iristen ari zirela,barkuak hondoa jo eta bertan geratu ziren, Los Roques inguruetan.
Estradizioaren beldur
Venezuelako hedabideek ez zuten informazio gehiagorik eman. Caracasen atxikita dauden euskal herritarren berri duen iturri batek BERRIAri adierazi zionez, ordea, Perez, Barcena eta Etxarte Venezuelako giza eskubideen babeserako Provea elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta legezko babesa galdegin. Elkarte horretako Antonio Pupio abokatua ari da eramaten hiru deportatuen defentsa.
Iturri horren arabera, «tratu zuzena eta ona» ari dira jasotzen Venezuelan, baina iheslariak beldur dira Venezuelako Gobernuak Espainiara estraditatuko dituen.
Hain zuzen, horietako baten, Etxarteren, estradizioa galdegina du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Hogei urtetik gora Kuban
Perezek, Barcenak eta Etxartek hogei urtetik gora zeramaten Kuban.
Barcena eta Etxarte Frantzian atxilotu zituzten 80eko hamarraldiaren erdialdean, eta hasiera batean Cabo Verdera deportatu bazituzten ere, berehala joan ziren Kubara.
Perez, berriz, 1990ean joan zen Kubara, Nikaragua utzita, Fronte Sandinistak boterea galdu zuenean Espainiaratuko zuten beldur.
Joan den maiatzean, hainbat hedabidek Perezen eta Barcenaren gutun bat argitaratu zuten(http://euskalherriasozialista.blogspot.com/2011/06/dos-refugiados-vascos-denuncian-cuba.html). Gutun horretan, zioten Kubatik irten nahi zutela baina Raul Castroren gobernuak eragotzi egin zietela. «Euskal militanteei babesa eman ondotik, kartzelazain bihurtu» izana leporatu zioten Kubako Gobernuari.
Hiru euskal deportatu atxiki dituzte Venezuelan
Kubatik joan ziren Venezuelara, eta haien ontziak hondoa jo zuen hango kostaren inguruetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu