Hiru Euskal Herri beharko lirateke

Espainiako Ingurumen Ministerioaren datuek erakutsi dute garapen eredua ez dela iraunkorra

inaki petxarroman
2007ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Euskal herritarren egungo bizi-modua izango balute munduko herritar gehienek, Lurraren tamainak hiru bider handiagoa izan beharko luke. Ondorioa logikoa da: gure defizit ekologikoaren zati handi bat beste herrialde batzuen superabitak orekatzen du. Izan ere, munduko herritarren %20ek -euskal herritarrak, haien artean-baliabideen %80 xahutzen dituzte.

Espainiako Ingurumen Ministerioak aste honetan eman dituen aztarna ekologikoari buruzko datuen arabera, Hego Euskal Herriaren defizit ekologikoa 3,16 puntukoa da. Aztarna ekologikoaren kontzeptua Mathis Wackernagel ekonomista ekologikoak asmatu zuen, 1990eko hamarkadan. Honako definizio hau eman zuten: «Bizi-maila jakin bat duen populazio batek erabiltzen dituen baliabideak ekoizteko eta sortzen dituen hondakinak asimilatzeko behar den lur emankorraren eremua».

Herrialde baten aztarna ekologikoa neurtzeko, bost kontzeptu hartzen dira kontuan: laborantza lurren eremua; animalientzako bazka eremua; itsasoko eremu emankorra; hirigintzarako, enpresa eta azpiegituretarako erabilitako lur artifizializatuaren eremua; eta kontsumo energetikoaren ondorioz sortutako isuriak xurgatzeko eta asimilatzeko behar den baso eremua.

«Datuak oso kezkagarriak» direla uste du Iñaki Harto EHUko Ingurumen Ekonomiako irakasleak. Harto Espainiako Ingurumen Ministerioak egin duen txostenaren egileetako bat da. «Kontsumoa oinarrizko beharrak betetzeko bitartekoa izatetik berezko helburu izatera igaro da. Gure kasuan, munduko herritar guztiek guk adina kontsumituz gero, hiru planeta behar lirateke. Egoera honek ingurumenean ondorio garbiak ditu: antxoarekin gertatutakoa, edo klima aldaketa bera, planetak duen gaitasunaren gainetik kontsumitzearen ondorioak dira».

Gaur egun, munduan itsasoek eta oihanek xurga dezaketen CO2 kopurua baino handiagoa da isurtzea, eta berotegi efektua sortzen da, planetaren oreka bera arriskuan jar dezakeena. Munduak duen biogaitasuna 1,7 hektareakoa da, alegia, lur produktiboa herritar guztien artean banatuko bagenu, 1,7 hektarea tokatuko litzaizkioke bakoitzari. Munduko aztarna ekologikoa, baina, 2,8 hektareakoa da pertsona bakoitzeko. Alegia, bi mundu beharko lirateke egungo kontsumoa eta kutsadurajasan ahal izateko.

KONTSUMO EREDUA ALDATU.Iñaki Harto EHUko irakaslearen arabera, euskal herritarren defizit ekologikoa zuzentzeko, kontsumo maila gutxitu egin behar da. Baina hori ez da nahikoa, haren ustez. «Ekoizpen eredua ere aldatu behar dugu, eta naturaren mugetara egokitu. Horrek esan nahi du nekazaritza ekologiko batera, energia berriztagarrietan oinarritutako energia eredura, eta mugikortasun beharrak mugatuko dituen lurralde antolaketa batera iristeko urratsak egin behar ditugula». Trantsizio horrek munduko herrialde guztien elkarlan eta inplikatzea eskatzen du, Hartoren arabera, bereziki planeta hondatzen eta baliabideak gehien ustiatzen ari direnen aldetik. «Lanean hasi behar dugu, bestela planeta hondatzeak eta baliabideak agortzeak ezin iragarri ditugun ondorioak izan ditzakete Lurraren gaineko bizitzan».

Eta Euskal Herrian oraindik ez dela norabide hori hartu salatu du Hartok. «Onartu behar da ahalegin batzuk egin direla; esaterako, Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Euskal Autonomia Erkidegokoko Plana, eta Tokiko Agenda 21 programak. Baina ahalegin horiek ezerezean geratzen dira, abiadura handiko trena egiten bada eta merkataritza gune handiak zabaltzen badira, zeren eta horiek egungo hazkunde eredu ezin iraunezkoa sendotu baino ez dute egiten».

Lurralde bateko herritarrek ez ezik, norberaren aztarna ekologikoa ere neur daiteke, esaterako, www.ecofoot.org web orrian.



«Kontsumoa oinarrizko beharrak asetzeko tresna izatetik, berezko helburu izatera igaro da»

«Ahaleginak ezerezean geratzen dira AHT egitearen eta merkataritza zentroak zabaltzearen ondorioz»

iñaki harto
ehu-KO iNGURUMEN eKONOMIAKO IRAKASLEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.