Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Erandion gaur goizaldean 38 urteko gizon bat atxilotu dute, ustez bikotekideari eraso egiteagatik. Iturri beraren arabera, ertzainak etxebizitzara joan direnean emakumeak odola zuen aurpegian. Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute anbulantzian.
Portugaleten atzo arratsaldean 49 urteko gizonezko bat atzeman zuten, Tubos kalean. Hainbat lekukok salatu zuten gizonezko batek emakume bati eraso egin ziola. Gizona atxilotu zuten, eta neska osasun zentro batera eraman zuten, zauriekin.
Hondarribian (Gipuzkoa) atzeman dute beste bat. Atzo hartu zuten atxilo, bikotekidea jotzea eta iraintzea egotzita. Arratsaldeko zortzietan, Ertzaintzari dei egin zion emakume batek, jakinarazteko bere amaren lagun bati bikotekidea oldartu zitzaiola. Irainak eta kolpeak jasan zituen andrearen etxera joan ziren poliziak, eta haren bikotekidea topatu zuten han. Gizona, 51 urtekoa, atxilo eraman zuten, genero indarkeria delitua leporatuta. Andrea erietxera eraman zuten, Donostiara.