emakumeen aurkako indarkeria

Hiru gizon atxilotu dituzte emakumeen aurkako erasoak egitea egotzita

Sestaon, Gasteizen eta Barakaldon gertatu dira ustezko genero indarkeria kasuak.

2009ko apirilaren 17a
17:20
Entzun
23 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizean, Sestaon (Bizkaia), emakumezko bat sexualki erasotzea leporatuta.

Gertaera iazko ekainean jazo zen, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Ustezko erasotzaileak emakumezkoari bere portalean erasotu zion goizaldean, eta berekin harreman sexuala izatera behartu nahi izan zion. Emakumezkoaren senitarteko bat agertu zen orduan, eta ustezko erasotzaileak alde egin zuen.

Emakumezkoak gertaera salatu zuen eta Ertzaintzak gizonezkoa harrapatzeko operazioa martxan jarri zuen. Gaur atzeman dute ustezko erasotzailea azkenik.

Beste bi atxilotu Gasteizen eta Barakaldon



Sestaokoaz gain, bart gauean 32 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, emazteari eraso egitea egotzita. Emakumeak hozkadak eta hainbat zauri zituen ertzainen arabera. Osasun etxe batera eraman zuten emakumea zauriak artatzera.

Biktimak eman zuen erasoaren berri, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Ustezko erasotzailea erasoa gertatu zen lekuan atxilotu zuten.

Emakumeen aurkako indarkeriaren bigarren kasua atzo arratsaldean jazo zen. 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Barakaldon (Bizkaia), ustez bikotekide ohia erasotzeagatik. Emakumearekiko zuen urruntze agindua ez betetzea ere leporatzen zaio.

Erasoa bi adingaberen aurrean gertatu zela jakinarazi du Ertzaintzak, Barakaldoko autobus geltoki batean.

Ustezko erasotzaileak bikotekide ohiarengana gerturatu eta muturreko bat eman zion ertzainen arabera. Ondoren, ustez auto baten kontra kolpatu zuen emakumea. Hainbat lekukok gizonezkoari eutsi behar izan zioten, erasoa geldiarazten saiatzeko. Ondoren, Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen.

Emakumea ospitalera eraman zuten, zituen zauriak sendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.