Azken 24 orduetan hiru gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak, bat Erandion, bat Santurtzin (Bizkaia) eta bat Donostian, indarkeria matxistako delituak egitea egotzita. Epailearen aurrera eraman dituzte hirurak.
Lehena atzo goizean atzeman zuten, Erandion, emakume batek salatu eta gero senarrak jo egin zuela. Andreak bertara joandako poliziei azaldu zien bikotekideak irainak eta heriotza mehatxuak egin ohi dizkiola, eta aurrez ere jo izan duela. Gizonezkoak 49 urte ditu. Kalean topatu zuten, eta genero-indarkeria delitu bat egitea leporatuta atxilotu zuten. Gizonaren arma bat topatu zuen Ertzaintzak etxean. Arratsaldean eraman zuten epailearen aurrera, eta hark urruntze agindua ezarri zion.
Atxilotutako bigarren gizona Gipuzkoako hiriburuan atzeman zuten. Emakume batek salatu zuenez, urteak daramatza tratu txar fisiko eta psikologikoak jasaten, eta bikotekideak mehatxu egin izan dio arma batekin. Poliziek nabaritu zuten andreak ubeldurak zituela besoetan, eta bikotekidea atxilo hartu zuten. Gainera, emakumearen aurkako ikerketa bat zabaldu dute etxeko indarkeriagatik, gizonak ere lesio bat zuelako hankan.
Azkenik, gaur goizaldean atxilo eraman dute gizonezko bat Santurtzin; haren bikotekideak salatu duenez, eztabaidan ari zirela, gizonak emakumea eta alaba jo ditu. Biek zeuzkaten kolpeen markak, eta atxilo eraman dute gizona. 55 urte ditu.
Bost urteko zigorra
Gainera, gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote bi adingabekori sexu erasoak egin izana egotzita. Asteazkenean epaitu zuten, Baionako auzitegian. Sare sozialak erabiltzen zituen neska adingabeekin harremanean jartzeko.