INDARKERIA MATXISTA

Hiru gizon atxilotu dituzte, genero indarkeriako delituak egitea egotzita

Sexu erasoak egin dizkiete bi emakumeri, eta beste bat labanaz eta guraizez zauritu dute. Lizarrerrian, Lezon eta Gasteizen izan dira erasoak.

2016ko irailaren 5a
07:38
Entzun

Sexu eraso bat egitea leporatuta atzeman dute gizon bat Lizarrerrian (Nafarroa), eta bikotekidea labanaz zauritzea egotzita beste bat Gasteizen. Lezon (Gipuzkoa) emakume bati sexu erasoa egin diolakoan, beste gizon bat atzeman dute Gasteizen.

Guardia Zibilak jakinarazi duenez, sexu eraso baten berri izan zuten Lizarrerrian duela egun batzuk. Etxe batean egin zioten eraso emakume bati, eta, biktimari mugitzea galarazi nahian, bekainean ukabilkada bat jo zion erasotzaileak. Hala ere, emakumeak lortu zuen ihes egitea.

Horren berri izan ondoren, erasotzailea bilatu eta atxilo hartu zuen Poliziak. 39 urte ditu atxilotuak. Beste delitu batzuk ere egozten dizkiote: lapurreta, lesioak eta droga trafikoa.

Gasteizen, berriz, 57 urteko gizonezko bat atzeman du Udaltzaingoak, bikotekideari labanaz eta guraizeez eraso egitea egotzita. Ostiralean zauritu zuen, eta erasoa gertatu zen etxebizitzara joan zen Udaltzaingoa. Lekukoen arabera, gizonak emakumea jo zuen, eta labanarekin nahiz guraizeekin egin zion mehatxu. Udaltzainek, bertara joatean, frogatu zuten andreak kolpeak eta ebakiak zituela, eta atxilo eraman zuten gizona.

Ertzaintzak eman du hirugarren kasuaren berri. Gasteiztik gertu atxilotu dute gizonezko bat, goizaldean Lezon emakume bati sexu eraso bat egin diolakoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 01:30 aldera emakume batek hots egin die SOS Deiei, sexu eraso baten biktima izan dela azaltzeko. Auto baten barruan egin dio eraso, eta ikerketa abiatu du Ertzaintzak. Deskribapena aintzat hartuta, Ertzaintzak Gasteiztik gertu atxilotu du 36 urteko gizonezko bat.

Bestalde, Iruñeko sanferminetan sexu erasoak egitea leporatuta auzipetutako bi lagunentzat absoluzioa eman du Nafarroako Justizia Auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.