genero indarkeria

Hiru gizon atxilotu dituzte, Irunen, Barakaldon eta Bilbon, genero indarkeria leporatuta

2012ko martxoaren 12a
16:30
Entzun

Hiru lagun atxilotu dituzte azken orduetan Irunen (Gipuzkoa), Barakaldon (Bizkaia) eta Bilbon, hiru emakumeri eraso egin dietelakoan.

Lehen atxiloketa Irunen izan zen, larunbat gauerdian. Ertzaintzak 18 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, ustez 30 urteko emakumezko bati sexu erasoa egiten saiatu zelakoan.

Emakumeak jarritako salaketaren arabera, hiru lagun emakumearengana gerturatu ziren droga eskaintzera, eta emakumeak eskaintza onartuta, lagunetako batekin joatea erabaki zuen gertu zegoen parke batera. Orduan gertatu zen ustezko erasoa, emakumearen arabera.

Inguruan zegoen bikote batek Ertzaintzari deitu zion. Emakumezkoa Bidasoako ospitalera eraman zuten.

Irungo Udalak ustezko erasoa gaitzetsi du, eta Udaleko talde guztiek "kezkagarritzat" jo dute. Bihar 19:00etarako elkarretaratzera deitu dute.

Bilboko eta Barakaldoko (Bizkaia) atxiloketak, berriz, atzo izan zirela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak. Barakaldoko ustezko erasoa Gernikako Arbola kalean izan zela azaldu du, 06:00ak aldera, eta gizonezko batek ustez kalean jo zuen haren bikotekidea. 22 urteko gizonezkoa da atxilotutakoa.

Bilboko atxiloketa, berriz, 18:00ak aldera izan zen, iturri berdinen arabera. Urkixo zumarkaleko etxebizitza batean gertatu zen ustezko erasoa, eta emakumezkoa ospitalera eraman behar izan zuten.



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.