Iruñeko udaltzaingoek hiru lagun atxilotu dituzte azken egunetan Iruñean. Horietako batek ustez bikotekidea jo zuen; beste biak, berriz, bikotekideak mehatxatu dituztelakoan atxilotu dituzte.
Lehen atxiloketa martxoaren 17an izan zela jakinarazi dute gaur Iruñeko Udaletik. 23:25ak aldera 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Descalzos kalean, ustez haren bikotekidea jo zuelako. Ustezko erasotuak, 42 urteko emakumezkoak, ez zuen salaketarik jarri.
Bigarren atxiloketa astelehen goizaldean izan zen, 00:45ak aldera. 28 urteko gizonezko batek ustez labana batekin mehatxu egin zion bikotekide ohiari, Antso Azkarraren etorbideko taberna batean. 31 urteko emakumea da ustezko biktima.
Egun berean atxilotu zuten 31 urteko gizonezko bat, San Jorgeko Sandua pasealekuan, haren bikotekideari labana batekin mehatxu egin ziolakoan.