Vladimir Putin Errusiako presidenteak omenaldia egin die biktimei. Kremlinen webgunean idatzi du mezu bat: "Txernobyl lezioa izan zen gizateriarentzat, eta ondorioek eragina dute oraindik naturan eta pertsonen osasunean". Egun horietan lanean aritu ziren suhiltzaile, sendagile, soldadu eta abarren profesionaltasuna goraipatu du: "Horietako askok beren bizitzak sakrifikatu zituzten beste batzuen alde".
Kieven, Ukrainako hiriburuan, Txernobylgo elizan omenduko dituzte hondamendiaren biktimak. Azken orduetan, berriz, Europako Batzordeak jakinarazi du 20 milioi euro emango dituela Txernobylgo planta modu seguruan desegiteko lanetarako. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak, berriz, 10 milioi dolarreko laguntza emango duela jakinarazi du.
Inoiz izandako istripu nuklearrik larriena izan zen 1986ko apirilaren 26koa: milaka hildako eta zauritu utzi zituen zentral nuklearraren 4. erreaktorearen eztandak. Konponketa lanetarako geratu behar zutenez, aukera baliatu zuten: kanpoko argindar sorgailuak huts eginez gero, erreaktorearen turbinak segurtasun sistemak piztuta edukitzeko behar adina energia sortzeko gai ote ziren jakin nahi zuten. Prozesua azkarregi egin zuten, ordea, eta gelditzeko aginduak motelegi eman zituzten: ordurako, beranduegi zen. Erregai nuklearra urtzen hasi zen, 2.000 gradu baino gehiago hartu zuen nukleoak: lurruna pilatu eta leherketa eragin zuen.
Erreaktorearen estalkia suntsitu zuen leherketak, eta 200 tona gai erradioaktibo jaurti zituen atmosferara, sumendi baten legez. Zortzi egunez iraun zuen erupzioak. Haizeak Ukrainaz kanpo eraman zituen partikula erradioaktiboak: hurrengo egunean, Suediako Frosmarken antzeman zituzten, eta Sobietar Batasunetik zetozela ondorioztatu zuten. Hauts erradioaktiboaren erdia baino gehiago Europako beste herrialdeetan erori zen: dosi handienak, Ukraina, Bielorrusia eta Errusiatik at jaso ziren.
1986an, 116.000 lagun ebakuatu zituzten Ukrainan; 1986ren ostean, 220.000 inguru lagun izan dira ebakuatuak Ukraina, Errusia eta Bielorrusiakoak gehituta, Erradiazio Atomikoaren Eraginen NBEren Zientzia Batzordearen arabera.