Parte-hartze handia eta AHTren aurkako jarrera irmoa izan dira Uztaritzen eta Mugerren (Lapurdi) antolatutako herri galdeketen emaitzak. Mugerren 3.644 biztanlek zuten boza emateko eskubidea, eta 2.300ek hartu dute parte kontsultan. 25 boz ez dira izan baliagariak; 198 boz izan dira AHTren alde (%8,7), eta 2.077 boz kontra (%91,7). «Kontsulta karrikan egin arren, euriak ez du jendea beldurtu, eta herritar gehienek mezu argia eman dute, AHTrik ez dutela nahi», erran du Victor Pachonek, kontsultaren antolatzaile eta CADEko kideak.
Uztaritzen 4.404 lagunek zeukaten bozkatzeko eskubidea. 2.622 lagunek hartu dute parte kontsultan, eta 30 boz zuri izan dira. Orotara 2.592 boz izan dira baliagarriak, eta AHTren aurkako iritzia nabarmen nagusitu da, 2.386 bozekin (%92,05). 206 lagunek bozkatu dute AHTren alde (%7,95).
AHTren aurkako elkarteek herri galdeketen arrakasta azpimarratu dute, bozketa ofiziala ez izan arren, hiru bozkatzailetik bik parte hartu dutelako kontsultan, eta ezezkoa nabarmen nagusitu. «Herritarrek antolatu dugu kontsulta, eta parte-hartzeak agerian utzi Parisetik inposatutako AHT xedeak eragindako ezinegona», erran du Didier Rougetek, Uztaritzeko kontsultaren antolatzaileak. Egun osoan eguraldi txarra izan arren, herritarrek sakoneko kezka erakutsi nahi izan dutela nabarmendu du.
«Bi herriek AHTren aurkako jarrera argia erakutsi dute, kontrako bozak hamarretik bederatzi izan direlako», nabarmendu du Pachonek. Herritarren iritzia kontuan hartzeko eskatu die botere publikoei. «Kontrako jarrera ukatzerik ez dago, eta botere publikoek kontuan hartu beharko dute sentsibilitate hori». Etorkizuneko xedea erabakitzerakoan herritarren iritzia kontuan hartu beharko dutela gogorazi die Pachonek hautetsiei.
Uztaritzeko eta Mugerreko galdeketetan oinarriturik, antolatzaileek AHTren aurkako borroka herrietara hedatu nahi dute. «Eztabaida publikoan herritarrek ez zuten ukan iritzia emateko paradarik baina egungo dinamikaren ondorioz hautetsiek jarrera hartu beharko dute», dio Rougetek.
Ondoko egunetan herrietan AHTren aurkako taldean sortu eta eragileengana jo nahi dute. Kontseilu Nagusiari, Akitaniari, Frantziako Gobernuari, SNCF konpainiari eta AHTren xedea bultzatu duen RFF konpainiari idatziko diete. «Pilota botere publikoen teilatuan dago, eta dagoeneko badakite xede horrekin segitzea deliberatuz gero, herritarren gaitzespenari eta mobilizazioari aurre egin beharko dietela».
AHT-REN AURKAKO FRONTEA. Eztabaida publikoa egin ondoren, RFF konpainiak balizko ibilbideen ikerketari ekin dio eta egutegiari jarraikiz, 2011n ebazpena eman beharko dute ezagutzera. AHTren aurkako taldeek adierazi zuten ez direla geldirik egonen eta kontsultako emaitzen ondorioz, herrietako plataformak sortu eta frente bat sortu nahi dutela. Ondoko aste eta egunetan alderdi politiko eta sindikatuekin sartuko dira harremanetan, jarrera har dezaten eskatzeko.
RFF konpainia AHTren balizko ibilbidea aztertzen ari da, baina ez du jakitera emanen 2011 aitzin. Eztabaida publikoan aurkeztutako emaitzak faltsuak zirela gogorarazi du Pachonek. «RFFk kontuan hartu beharko du herritarren gehiengoak ez duela AHTrik nahi, egungo bideak hobetzearen alde egin duela nabarmen». Ibilbideari ekin aitzin, herritaren ebazpena kontuan hartzeko eskatzen dio.
Hiru hautesletik bik AHTren aurka bozkatu dute Mugerre eta Uztaritzeko galdeketan
Emaitzak eskuan AHTren aurkako mugimendua herrietara zabalduko dute, RFFren xedea gelditu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu