INDARKERIA MATXISTA

Hiru lagun atxilotu dituzte azken orduetan Gasteizen, bikotekideak jotzea egotzita

21, 22 eta 44 urte dituzte atxilotuek.

2015eko abuztuaren 10a
07:37
Entzun

Igande goizean gertatu zen lehen erasoa, 7:40ean. 22 urteko gazte batek hozka egin zion bikotekideari aurpegian, eta Udaltzaingoak atxilo hartu zuen, genero indarkeria delitu bat leporatuta.

Ordubete geroago izan zen bigarrena. Ordu horretan, herritar batek Ertzaintzari dei egin zion, ohartaraziz bikote bat eztabaidan ari zela Urbina kalean eta gizonezkoak emakumea jo zuela.

Ertzainak bertara joan, eta ia konorterik gabe topatu zuten emakumea. Ezpainetatik odola zerion. Haren bikotekideak aitortu zuen emakumea jo izana, eta beraz, atxilo hartu zuten. Txagorritxuko erietxera eraman zuten emakumea.

Bestalde, Udaltzaingoak 44 urteko gizonezko bat atzeman zuen atzo 20:30 aldera Paula Montal kalean. Etxean zeudela, senar-emazteak eztabaidan ari zirela, gizonak emakumea jo zuen. Udaltzainak bertara joanda, andrea topatu zuten kalean, kolpeak jaso izanaren arrastoekin. Etxean zegoen gizonezkoa, labana bat eskuan zuela. Atxilo eraman zuten poliziek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.