Goizean goizik, 04:13an, Paueko suhiltzaileek telefono dei anonimo bat ukan zuten. Bost lehergailuren berri eman zuen dei hura egin zuenak: Arrangoitzeko Pierre & Vacances oporguneaz eta Bokale eta Ondres (Landak) arteko burdinbideaz gain, Angeluko VVF oporgunea, Miarritzeko udal kasinoa eta Bidarraiko Ostape ostatua ere lehergailuen jomuga zirela jakitera eman zuen dei egile anonimoak. Haatik, ez zuen Arrangoitzeko turismo bulegoaren aitzinekoaren berririk eman.
Arrangoitzeko herriko langile batzuek aurkitu zuten turismo bulegoan zegoen lehergailua, 08:10ean. Aurkitu zuenak Euskal Irratiei zehaztu zienaren arabera, lehergailua eraikin bazterreko leiho baten ondoan ezarria zuten, eta txikia zen. Ez zen lehertu, ez eta beste bi lehergailuak ere. Polizia iturrien arabera, lehergailuak «indar txikikoak» ziren eta «ez zuten funtzionatzen».
Segurtasun neurri handiak hartu zituzten, abisua ukan eta berehala. Arrangoitzeko Pierre & Vacances oporgunean zeuden udatiar guztiak ohetik altxarazi eta eraikinetik aterarazi zituzten. Gauza bera egin zuten oporgune haren ondoko eraikinetan bizi diren herritarrekin ere. Lehergailuen bila ibili ziren bitartean, ohetik altxatu behar izan zuten guztiak --120 bat lagun-- toki batean egon ziren. Jean-Michel Colo Arrangoitzeko auzapezak zehaztu zuen une hori «giro atseginean» iragan zela. Gertakaria desdramatizatzen ahalegindu zen.
Antzeko giroa bizi izan zutela adierazi zuten Angeluko Maitasunaren Hondartza bazterreko VVF oporguneko udatiarrek ere. 600 bat lagun iratzarrarazi zituzten goizaldean. Han, ordea, ez zuten lehergailurik aurkitu. Gauza bera gertatu zen Bidarraiko Ostape ostatuan ere. Alain Ducasse sukaldari ospetsuak erosi zuen etxaldeak beste atentatu edo atentatu ahalegin batzuk jasan izanak ditu aitzineko urteetan. Baina atzokoan, ez zuten bonbarik aurkitu. Miarritzeko udal kasinoaren inguruetan ere lehergailuaren bila ibili ziren, baina atzo goizerako arriskurik ez zegoela ondorioztatu eta gunea berriz ireki zuten. Orotara 1.200 lagun aterarazi zituzten beren etxetik .
Hendaiatik Pariserako trenak ere geldirik egon ziren hainbat orduz, eta 60 berandu ibili ziren. Bordeleko geltokia hutsarazi zuten 05:30ean, zer gerta ere. Bi orduren buruan baizik ez zuten berriz ireki, bonbarik ez zegoela ziurtatu ondoan. Goizean trenak berriz ibiltzen hasi ziren, eta normaltasuna aski fite itzuli zen.
Inork ez du bere gain hartu
Atentatu ahaleginak inork ez ditu bere gain hartu, orain arte. Lehergailuak aurkitu zituzten lekuen ondoan ez zen tindaketarik ageri. Maiz, gisa horretako ekintzak gertatu diren lekuetan, Euskal Herria ez da salgai leloa margotua izan ohi da. Atzoko atentatu ahaleginek ez zekarten horrelakorik. Lelo hori idatzirik, ekintza armatu andana bat izan zen iazko udan, Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan. Iazko uda aitzineko ekintza haietarik batzuk sinadurarik gabeko agirien bidez hartu zituzten beren gain. Baina udan egindakoak oraindik inork ez ditu bere gain hartu. Haietarik batzuek kalte material handiak eragin zituzten.
Atzoko ekintzak Irrintzi taldearenak izan daitezkeela aipatu dute iturri batzuek. Talde horrek bere gain hartu izan dituen ekintzak kalte material gutxikoak edo lehertu gabeko bonbekin egindakoak izan ohi dira, Euskal Herria ez da salgai leloa margotu gabekoak. Irrintzi taldeak agiri bat atera zuen joan den apirilean, beren ekintzen jomuga «frantziar eta espainiar lurralde osoa» izanen zela erranez.
Egileak atxilotzeko eta gogor kondenatzeko eskatu du Alliot-Mariek
Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroak «ekintza koldar horien» egileen «jarrera arduragabea» gaitzetsi du. Poliziari egileak «lehenbailehen atxilotzeko» eskatu dio, eta Justiziari, «zigor zentzagarriak» emateko.UMPko hautetsien elkarteak «arduragabekeria» salatu dute. Jean Espilondo Angeluko auzapezak ere gaitzetsi ditu atentatu ahalegin horiek. «Gutxiengo txiki» baten ekintzak izan direla erran du.
EAJk ere salatu ditu ekintza «arriskutsu» horiek: «Egileen baztertze jarrera eta argudio falta erakusten dute». ABko Andde Sainte-Mariek adierazi du Parisen «ukapen jarrerak, zorigaitzez, holako ekintzak eragiten» dituela.