Ikastolen alde, 3.000 gora lagun batu dira 12:00 eta 16:00 artean Baionako elkarteen etxean. Ume, haur zein heldu, hiruzpalau belaunaldi batu dira giro onean Seaskak antolatu manifestan. 10.000 talo banatuko dituzte, eta lau kupel handirekin sagarnotegi bat ezarriko dute bertan. "Taloak kitorik banatu ditugu, baina sostengu kutxak bete dira", zion pozik talo banatzen ari zen Charles Iralur Garaziko ikastolako gurasoak.
Gisa horretan, Seaskak agur erran dio ikastolentzat urte beltza izan denari, Suprefetak Hendaiako ikastola proiektua blokeatu ondoren Frantziak Beskoitze eta Hazparneko lurralde proiektuak geldiarazi nahi baititu. Lege bat lortu arte borrokan tinko segituko dutela ohartarazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. "Lortu arte dena egiteko prest gara, egun egindako 10.000 taloen banaketaren gisara. Zaindu dezagun maite dugun hori!", zion hitz hartze bukaeran Indok.
Amaren Alabak eta Souht Side Familia Ska taldeen kontzertuak izanen dira entzungai. Baionako Reduit plazan zuten egitekoa IkasTalo Manifesta ekitaldia, baina eguraldi kaskarra izanki, elkarteen etxean egin behar izan dute.